Arranoka: arrano arrantzalearen migrazio bidea ezagutzeko mahai jokoa
Arrano arrantzaleek migrazio bidean dituzten arriskuak zeintzuk diren ikasiko dituzte parte hartzaileek mahai jokoarekin, baita zelan lagun diezaiken ere.
Urdaibain negua igarotzen duten hegazti migratzaileez gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, Arranoka jolasaren bitartez arrano arrantzaleen migrazio bidea ezagutzeko aukera eskainiko du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek gaur eta eguenean. Hegaztien zentrora bertaratzen direnek jolasaz gozatzeko aukera izango dute.
Jolasa arrano arrantzaleen migrazio bidean oinarritzen da, eta adin guztietako bisitariek jolas dezakete. “Arranoka mahai jokoaren bitartez, hegazti zoragarri horiek migrazioan dituzten arriskuak zeintzuk diren ikasiko dituzte parte hartzaileek, baita zelan lagun diezaiken ere”, azaldu dute zentroko arduradunek.
Urdaibai Bird Centerrera bertaratzeko deia ere egin dute, arrano arrantzaleak zein bestelako hegaztiak aurrez aurre ikusteko: “Baliteke arrano arrantzale bat aurrez aurre arrain bat harrapatzen ikustea, baita ubarroia aingira handi bat irensten eta bi mirotz aingira harrapatzeko borrokan ikustea ere”.
Hegaztien zentroko teleskopioak ere ahate biztanluzeei, txistulariei, hegaberei begira egongo direla zehaztu dute. “Neguko bisitari horiek Urdaibaiko paduretan atseden hartzen eta elikatzen ikusteak lasaitasun sentsazio zoragarria transmititzen du”, gehitu dute.