Finalerako txartela lortu du Arrizabalagak
Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarrak Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala lehiatuko du Amaia Aldairen kontra, zapatuan; Enara Gaminderi 22-2 nagusitu zaio finalerdian.
Matienan jokatutako finalerdietan Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai nagusitu dira, eta zapatu honetan (abenduak 10) Zornotzan lehiatuko den Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finalerako txartela lortu dute bizkaitarrek.
Arrizabalagaren esanetan, “final irekia bezain gogorra” izango da: “Uste dut urteko bi pilotari onenak gaudela finalean, eta final justua dela”. Biak ala biak forma onean helduko dira finalera, eta oso ondo ezagutzen dute elkarren jokoa, hortaz, onena ematen badute “ikustaldi ederra” emango dutela ziurtatu du gernika-lumotarrak.
Olatz Arrizabalaga: “Final irekia bezain gogorra izango da”
Finalerdietan emozio gehiagoko partidak espero baziren ere, erakustaldi ederragaz gozatzeko aukera izan zuten Matienako pilotalekua bete zuten pilotazaleek, atzo (abenduak 4). Arrizabalaga 22-2 nagusitu zen Enara Gaminderen aurrean,”hasieratik gauzak ondo atera ziren eta pentsa baino errazago lortu dut finalerako txartela”. Aurreko kanporaketan Gamindek itxura ona eman zuen, eta partida orekatuagoa espero zuten pilotazaleek, baina gernikarrak emandako erakustaldia “ohikoaz kanpo” egon zen . Hasieratik argi zuen Arrizabalagak piloteoa ekidin eta joko oldarkorra jarri behar zuela kantxan: “Argi nuen zein zen nire jokoa, ez nion utzi behar bere jokoa egiten”.
Saketik hasi zen gernikarra aurkariari min egiten, zorrotz arituta lehen pilotakadarekin, zuzenean tantorik egin ez zuenetan ere aske-errematean ikaragarrizko mina eginagaz. 1-2koan airez akats larri bat egin bazuen ere, Arrizabalagak sekulako erakustaldia eman zuen aireko jokoarekin, denbora gutxian jokoan izan duen garapena erakutsiaz. Iazko kaiolako hirugarren posturako lehian Gamindek Arrizabalagari irabaztea lortu bazuen ere, oraingoan ez da posible izan Laukizko atzelariarentzat.
Bestalde, Amaia Aldaik beste erakustaldi bat eman zuen Miriam Arrillagari 22-7 gailenduta. Kaiolako azken bi txapeldunak eta iazko finalistaren arteko partida ere orekatuagoa espero zen, baina bizkaitarrak koxka bat gorago dagoela berretsi zuen.