Urdaibaiko Esentziak azoka, Mundakan
Urdaibaiko gastronomia onena ezagutu eta dastatzeko aukera dela aurreratu du Mundakako Udalak.
Mundakarrek zein ingurukoek Urdaibaiko Esentziak azokaz gozatzeko aukera izango dute bihar (abenduak 3), Urremendi Landa Garapen Elkartearen eta Mundakako Udalaren ekimenez.
11:30ean hasi eta 15:00ak bitartean, plazan eskualdeko produktu ederrez gozatzeko aukera paregabea dela adierazi dute udal ordezkariek: “Urdaibaiko gastronomia onena ezagutu eta dastatzeko aukera izango dugu: ortuariak, gozo produktuak, txakolina…”. Bertaratzeko gonbidapena luzatu dute Mundakako udal ordezkariek.
Eskualdeko lehen sektorea «babesteko», herriko aisialdi arduratsua “dinamizatzeko” eta turismo iraunkor “desestazionalizatua” erakartzeko bitarteko bat da azoka; iazko abenduan egin zuten lehenengoz, aurtengo abuztuan egin zuten bigarrena eta biharkoa hirugarrena izango da.
Mundakako garapen ekonomikoa bultzatzeko udalaren estrategiaren parte da azoka.