Italiarrek 36ko gerran izan zuten parte hartzea aztertuko dute 25 adituk baino gehiagok Gernikan
Italiarrek 36ko gerran izan zuten parte hartzea aztertuko dute barikuan eta zapatuan Gernika-Lumon. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zein Kataluniako edo Italiako kasu ikerketak burutu dituzten adituek parte hartuko dute bi eguneko mintegian, eta italiarren parte hartzeari buruzko gaiak argituko dituzte.
36ko gerrako 25 adituk baino gehiagok italiarrek 36ko gerran izan zuten parte hartzea aztertuko dute barikuan eta zapatuan Gernika-Lumon. Descubriendo lo silenciado: la participacion italiana en la Guerra Civil izenburupean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zein Kataluniako edo Italiako kasu ikerketak burutu dituzten adituek parte hartuko dute mintegietan, italiarren parte hartzeari buruzko gaiak argitzeko.
Bakearen Museoak bi eguneko mintegia antolatu du, Europako Memorien Behatokiarekin eta Granollerseko udaletxearekin batera. “Mintegi hau garatzea eta aurreko ikerketa eta talde lana egitea erakunde antolatzaile eta laguntzaile askoren laguntzari esker lortu ahal izan da; tartean daude Gernika Gogoratuz, Lobak, Gernika Garretan, Gernika Batzordea, Gernikako kultur etxea eta Durango 1936 Kultur Elkartea”, azaldu dute museoko ordezkariek.
Zehaztu dutenez, antolatzaile zein adituek urte asko daramatzate 36ko gerrari buruzko lan, ikerketa eta hedapen arloak garatzen, baina adierazi dute italiarren parte hartzeari buruzko gaia “beti” geratzen dela “lasaitasun eta sakontasun handiagoz jorratzeke. “Mintegi honen bidez, baina, Espainiako estatuko hainbat lekutako eta Italiako adituak bilduko ditugu, eta gai zoragarri batean sakontzen hasi nahi dugu, ezagutza eta elkartrukeak sortuz, 36ko gerran italiarrek izandako parte hartzearen testuingurua aztertzeko”, azaldu du Iratxe Momoitio Bakearen Museoko zuzendariak.
Mintegia Gernika-Lumon eta online egingo da. Zehaztu dutenez, bariku arratsaldeko saioak kultur etxean izango dira, eta aurrez aurre jarraitu ahalko dira, baita online ere, betiere aurretiaz izena eman ostean. Zapatuko saioak Bakearen Museoan egingo dira, eta entzule modura online (Zoom plataforman) bakarrik parte hartu ahalko da, aurretiaz izena emanda.
Ekimen honi esker, italiarrek bonbardatu zituzten hainbat herritako ordezkariak Italiako aditu eta erakundeekin batuko dira, elkarregaz lan egiten hasteko; tartean, Gernika-Lumoko, Durangoko, Granollerseko eta Bartzelonako ordezkariak. “Egia, erreparazioa eta justizia topatzearen bide horretan, ahazturatik aterako dute egia osoa, ezagutzeko eta ezagutzera emateko”, adierazi du Momoitiok.
Mintegi hau, beraz, helburu “zabalago” batentzako “lehen urratsa” baino ez dela dio, asmoa “etengabeko” lanerako urrats sendoak ematen jarraitzea delako: “Sortutako lantaldea beste leku batzuetan biltzen jarraitzea gura dugu, baita material bateratu bat prestatzea ere, gertakari horiek gazteenei ezagutzera emateko”.