"Latsarien memoria batu behar dugu, euren lana ikusarazteko"
Latsarrietan latsariek egiten zuten lanari buruzko saioa eskainiko du Rosa Vendrellek bihar, 18:30ean, kultur etxean: ‘Oroimen likidoak. Latsarien ahotsak’. Latsarriak topaketa guneak ere bazirela dio.
Kultura, musika eta memoria historikoa batzen dituen ikuskizuna eskainiko du bihar, 18:30ean hasita, Rosa Vendrell Miret komunikatzaile kataluniarrak Gernika-Lumoko kultur etxean. Latsarien lana balioan jarri gura du Vendrellek, emakumeek latsarrietan egiten zuten lana aitortuz, baina latsarriei buruzko informazioa ere eskaini gura du, horiek eta horietan gertatutakoak memoria historikoa direla nabarmentzeko. Egiten duen 77. aurkezpena izango da biharkoa, eta “koktel pertsonal eta sortzailea” dela dio, “asko” gustatzen zaiolako “jendea ustekabean harrapatzea”.
Zer da ikuskizunera bertaratzen denak aurkituko duena?
Eskainiko dudana ikuskizun kulturala da, uraren eta latsarrien ondare immateriala herri baten kulturaren parte delako. Ikus-entzunezko jarduera ere badela uste dut, leku desberdinetako latsarien zein latsarrietan barrena bidaiatzeko aukera eskaintzen dudalako. Baina, horrez gain, nire ikuskizuna justiziaren eta memoria historikoaren aldeko ekintza bat dela uste dut. Emakumeen oroimena ere memoria historikoa da, eta jendea kontzientziatu behar dela uste dut. Gure arbasoen oroimena memoria historikoa da, bai milizianoak izan zirenena, bai arropa garbitu zutenena. Idatzizko dokumentuak falta dira, baina latsariak bizirik daude, eta bizirik daudenez, euren ahozko memoria batu behar dugu, gero, euren lana ikusarazteko. Ni ez naiz historialaria, komunikatzailea naiz, eta pertsonen bizipenak bildu eta kontatu gura ditut; hori da, azken finean, bihar egingo dudana. Izan ere, latsarien memoria memoria historikoa da. Arropa garbitzea edo arropa bilatzera joatea oso garrantzitsua zen lehen, familiakoak bizirik mantentzeko ura batzen zutelako latsariek. Saio hau nire aletxoa da, eta uste dut ikasitakoa garbitu behar dugula, entzuten ez diren emakumeen ahotsak entzuteko.
Arropa garbitzeko bai, baina zertarako gehiago erabiltzen ziren latsarriak?
Latsarriak askatasun eremuak ziren. Normalean jendea bizi zen tokitik aparte egoten ziren, eta neskak bakarrik egoten zirenez, euren gauzez hitz egiteko askatasun osoa edukitzen zuten. Hartu emanak bultzatzeko lekuak ere baziren, baita emakumeen arteko elkartasunaren adibide ere; izan ere, gerra sasoian, neska gazte askok familiaren arropa guztiak garbitu behar izaten zituzten, baina lan hori egiteko, ondoko latsarien laguntza jasotzen zuten. Latsarriak latsarien milaka istorioz betetako hondorik gabeko putzuak dira.
Gerra sasoian, latsarien lana arriskutsua ere bazen.
Jakin dut, gerra garaian, miliziano eta errepublikarren arropa garbitzeagatik gerra kontseilu batera eramana eta exekutatua izan zintezkeela. Arropa garbitzea arriskutsua izan zitekeen, militantzia edo elkartasun ekintza modura eginda ere.
Tabuakezkutatzeko guneak ere bazirela diozu.
Emakumeek hilerokoaz zikindutako oihalak garbitzeko lekuak ere izan ziren latsarriak. Soldadu baten odola erakutsi egiten zen, baina zauririk gabe sortutako odol naturala ezkutatu beharra zegoen. Ikus-entzunezkoetan edota koadroetan zintzilik ikus daitezkeen arropak zuri-zuri daude beti. Ezkutatu egiten zen atzean geratzen zen zikinkeria guztia, emakumeek etxean edo zaintzan egiten duten lana modura.
Ordaindutako lanbidea zen?
Ordaindutako lanbidea ere bazen. Bartzelonako Horta auzoan garbitzaile profesionalak zeuden, hango emakume ekintzaileek beste batzuk kontratatzen zituztelako Bartzelonako herritarren arropa garbitzeko.
Zergatik eta zelan hasi zinen latsarien lana ikertzen?
2017an hasi nintzen ikertzen, hizlaria izan nahi nuelako. Ohartu nintzen nire herriko emakumeak, zaharrenak, hiltzen ari zirela, eta latsarien lanari buruz ikertzen hastea bururatu zitzaidan; urari, tabuei edo patua aukeratu ezin zuten emakumeei buruz ikertzea, alegia. Nire herrian, Sant Pau d ‘Ordalen, hasi nintzen informazioa bilatzen, eta ordutik latsarri ezberdinak eta latsarien istorio ezberdinak ikertu eta ezagutu ditut. Iaz liburu bat idatzi nuen, Memorias liquidas, eta lehenengoa kapitulua da garbilekuei eta latsariei buruzkoa. Gainera, iraganeko eta gaur egungo emakume ezagunen aipuak ere sartu ditut, erreferenteak falta zaizkigulako, ezagutzen ditugun aipamen gehienak mutilenak dira-eta.
Ez da ezaguna latsarien lana, eta hori ikusarazi gura duzu?
Nire bizitza emakumeen ekarpenak ikusaraztea da; hau da, ikusi ditudan liburuetan ikasi ez ditudan emakumeen lanak ezagutaraztea. Izan ere, kontzentrazio esparruetan deportatutako emakumeen istorioak jaso nituen lehenengo; gizonek haiei buruz bakarrik hitz egiten zuten, gizonen kontzentrazio eremuei buruz, emakumerik egon ez balitz bezala. Baina Monserrat Roig Parisera joan zen, Neus Catalarekin hitz egitera, eta hark ikusarazi zituen emakume horien errealitateak. Horri buruz ere hitz egin dut, baina orain latsarien memoriaz ari naiz.
Infomazioa batzea erraza izan da?
Ahozkoa iturriak kontsultatu ditut batez ere; Valentzian eta Tarragonan latsariei edo garbilekuei buruz idatzitako liburuak daude, eskualdekoak, garbitzeko errutinak edo arropa kilo bakoitzeko prezioak jasotzen dituztenak. Ni ez naiz ikertzailea, baina latsariei euren lekua eman gura diet.
Gernika-Lumoko kasuan, Lumon dago udalerriko latsarri bakarra.
Bertan egon naiz, eta Maria Angeles Agirrelezpeiti ezagutu dut, Lumoko bizilaguna. Hark kontatu dit iturri horretara joan behar izaten zirela uraren bila. Lumoko latsarria ondare historikoa da, baina gerrakoa ez denez, bigarren edo hirugarren mailakoa da. Ez da baloratzen, emakumeen gunea delako, eta ez soldaduena. Jarduera bat egin daiteke bertan, latsarri horrek daukan balioa aitortzeko; izan ere, iturri bat dago, baita aska bat edo plaza bat ere.
Historia dira latsarriak, edo, gaur gaurkoz, oraindik ere martxan daude?
Historia dira gure zilborrari begiratzen badiogu, baina beste leku batzuetan oraindik ere erabiltzen dira. Izan ere, munduko hainbat lekuetan emakumeek latsarrietan garbitzen dute arropa. Nire asmo bakarra latsarien lana ikusaraztea da, eta euren historia ere zabaltzen ari dela ikusi dut, Bilbon Latsariak izeneko dokumentala saritu dutelako eta Galizian beste bat egiten ari direlako. Ohartu gara latsarien testigantzak jaso behar direla, hori egin ezean galdu egingo direlako.