Indarkeria matxistaren kontrako eta errespetuzko elkarbizitzaren aldeko aldarriak
Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna barikua izan zela arrazoi hartuta, Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egin dute gaur udalerrian. Guztira zortzi izan dira aurten aurkeztutako bideoak.
Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriz bete da gaur Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia. Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna barikua izan zela arrazoi hartuta, Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egin dute gaur udalerrian.
Guztira zortzi izan dira aurten aurkeztutako bideoak: Barrutialde Institutuko DBH 2. mailako Tutudun gizonak, OEH Ileapaindegikoen Esto no es amor, San Fidel Ikastolako DBH 4. mailako Zure bizitzaren kontrola, LH 6. mailako Errespetua denontzat eta beti, Beldur barik, Kirolak ez dauka generorik, Ez fidatu ezezagunetaz eta Gora berdintasuna.
Horiek guztiek, hiru kategoriatan banatuta lehiatu dute, 10 eta 12 urte artekoen kategoria berezian –Gernika-Lumoko tokiko lehiaketari dagokiona–, 12-14 urte bitartekoenean eta 15 eta 17 urte artekoenean; 18 eta 20 urte arteko kategorian ez da lanik aurkeztu.
12 eta 14 urte arteko bideoetan, Tutudun gizonak izeneko ikus-entzunezkoa izan da onena. Mutilek ballet-a praktika dezaketela adieraz dute bideoaren bidez, horiek sufritu behar izan dituzten biolentzia erakutsiz.
15 eta 17 urte artekoetan bi sari banatu dituzte: Esto no es amor eta Zure bizitzaren kontrola ikus-entzunezkoen egileak izan dira sarituak. Lehenengoek maitasuna librea dela aldarrikatu dute, librea izan ezean ez dela maitasuna esanez; bigarrenek, berriz, norberak bere erabaki propioak hartu behar dituela erakutsi dute, eta, horretarako, bikotekidearen kontrola salatu dute.
Emakume bat beloa kentzeagatik jo dutela salatzeko egiten duten mobilizazioa dauka oinarritzat kategoria berezian saritutako lanak: Errespeta denontzat eta beti. Pertsona arrazializatuen aurkako erasoak salatu dituzte ikus-entzunezkoan San Fidel Ikastolakoek, eta guztiontzako errespetua eskatu dute.
Pantxika Lamur artistak zuzendu du sari banaketa, eta indarkeria matxistaren aurka egitearen garrantziaz ohartarazi ditu ikasleak. Emakumeen arteko sororitatea babestu du, euren arteko ahizpatasuna zein garrantzitsua den ikusaraziz. Mikromatxismoak ere ikusarazi ditu, batzuen eta besteen jarreretan arreta jarriz. Gainera, kirolak generoa daukala esan du, baina ez lukeela izan beharko aldarrikatu, hori salatzen zuen ikus-entzunezkoa ikusi eta gero. Joko baten bidez, gainera, ezetza beti dela ezetza ikusarazi du, eta galdetzearen garrantzia plazaratu du. Txantxa eta barre artean, eskola jazarpenaren kontrako ahotsa ere altxatu du Pantxika Lamurrek.
Gaurko ekitaldia Gernika-Lumoko Udalak bultzatu du, eta gazteen artean berdintasunari buruzko hausnarketa eta eztabaidak sustatu gura izan dituzte udal arduradunek, “errespetuzko elkarbizitza bat bultzatzeko”.
Gazteei eragin gura die Beldur Barik lehiaketak, eurak baitira etorkizuna eraikiko dutenak. Hala, ikasleen parte hartzea nabarmendu dute udal arduradunek, eta ildo horretan lan egiten jarraitzearen beharra azpimarratu dute, “berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurkako lanari eutsiz, konpromezu politiko eta soziala izanez eta gazteriaren inplikazioa bultzatuz”. Hori dela indarkeria matxistaren adierazpen mota gutziak gainditzeko eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez sexistak eraikitzeko bidea azaldu dute.