Musika ikasketak bultzatzeko elkartasun kontzertua
Tximurka elkartearentzako dira SOMEk eta Andra Mari Koralak 'Fair Saturday' eguneko kontzertuan bildutako 1.700 euroak. Elkartearen helburua da musika ikasketak, praktika instrumentala eta ezagutza kulturala "zaurgarriak" diren kolektiboetara eramatea.
Artea eta kultura gizartearen erdigunean kokatu gura zituzten Andra Mari koraleko zein Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek, eta helburua bete dute. Black friday egun kontsumistaren ostean, Fair Saturday eguna ospatu zuten, elkartasun kontzertua eskainiz, eta Tximurka elkartearentzako 1.700 euro inguru bildu zituzten.
Ziurgabetasun garaian “inoiz baino beharrezkoagoa” dela artisten eta kultura eta gizarte erakundeen lana aitortzea ardatz hartuta, haien lana babesteko eta sorkuntza bultzatzeko kontzertua eskaini zuten. “Etorkizuna zelan sortzen ari garen pentsatzeko momentua da. Egungo eredu sozioekonomikoak berrikusi behar dira, gizarte, ingurumen eta ekonomia erronkei erantzuteko. Eta, horretarako, gizarte bidezkoagoak eta garatuagoak eraikitzeko funtsezko elementu batzuk daudela uste dugu: kultura, zientzia eta enpatia soziala“, adierazi dute arduradunek. Hala, musika doinuekin, pertsonen eta herrien arteko zubiak eraiki zituzten musikariek.
Izan ere, sarreren salmentatik lortutako 1.700 euroak Tximurka elkartearentzako dira. Elkartearen helburua da musika ikasketak, praktika instrumentala eta ezagutza kulturala “zaurgarriak” diren kolektiboetara eramatea, “errefuxiatuengana, migratzaileengana eta gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonengana”.
Aretoa beteta.
Segundo Olaeta Musika Eskolako irakasleek jakinarazi dutenez, Lizeo Antzokia bete egin zuten herritarrek. Zehaztu dutenez, Euskal Herrian ezagunak diren Mikel Laboa edo Benito Lertxundiren kantan interpretatu zituzten, baina baita mundu mailan pop musikaren izarrak diren Lady Gaga edo Stevie Wonder bezalako musikarien abestiak ere. “Kanta zaharrak zein berriak interpretatu genituen, eta entzuleek eskertu zuten aldaketa hori. Abesti lasaiez gain, erritmo biziagokoak eskaini genituen, eta ondo erantzun zuten ikusleek”, argitu dute. Halaber, Ennio Morricone omendu zuten, bere sinfonismo eta melodia ederrez jositako The Mission soinu banda interpretatuz.
Ekitaldi “berezia bezain garrantzitsua” dela esan dute musika eskolako kideek, eta horrelakoak antolatzen jarraitzeko apustua egin dute.