Markagailua kontra, jarrera alde
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 5-27ko markagailuagaz galdu du Recolectas Burgos-Universidad de Burgosen kontra, Urbietan. Taldeak jarrera bikaina erakutsi du, baina lesioak eta Burgosen maila handia aurkari izan dituzte. Hurrengo bi partiduak bi eta hiru aste barru jokatuko dituzte, hurrenez hurren, SilverStorm El Salvadorren eta Ampo Ordiziaren aurka.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Recolectas Burgos-Universidad de Burgos taldearen kontra 5-27 galdu zuen atzo Ohorezko Mailako seigarren jardunaldiko partidua. Urbietako zaleen berotasuna ez zen, beraz, nahikoa izan etxean lehendabiziko garaipena eskuratzeko; izan ere, etxean jokaturiko ligako lehen partidua, Complutense Cisneros talde madrildarraren aurkakoa, 26-40 galdu zuten.
Ez zen norgehiagoka erraza izan basurdeentzat: jokalari bat gutxiagogaz hasi behar izan ziren, Joan Pablo Demargasso birus batek jota agertu baitzen. Partiduan bertan, gainera, lesio nabarmen bi pairatu zituzten; Francisco Jose Gonzalezek eta Andoni Larrabeitik min hartu zuten, lehen minutuen barruan. Itai Marurik eta Jose Orgambidek ordezkatu zituzten.
Horrek guztiorrek haizez kontrara aritzera derrigortu zuen talde gernika-lumotarra. Burgosek, bere aldetik, erritmo handia ezarri zuen partiduan, eta lehen momentutik nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen. Gernika RTk, ostera, erasoko aukerak defentsa lerro zurruna eta sendoa eraikitzearen truke sakrifikatu zituen. Horrek puntu eskasia sortu zuen markagailuan, baina atsedenaldira aukera guztiekin eta berdintasunagaz joan ziren: 0-3 Burgosen alde.
Aldageletatik itzultzean, baina, talde bisitariak mahai gainean kolpea jo, eta partiduaren maila koska bat igo zuen. Entsegu bat egin zuten, baina Gernika-Lumokoek beste bategaz erantzun ahal izan zioten. Jarraian, Burgosek zenbait aldaketa egin zituen, erritmoari eta abiadurari euste aldera; Gernika RTk, berriz, gabezia igarri zuen alderdi horretatik. Lehen aldiko min hartzeak tarteko, lantalde eta aldaketa aldetik mugatuago ibili zen etxeko taldea, eta bisitariek aldea lortu zuten horri esker.
Eduardo Maidagan Gernika RTko entrenatzaile gernika-lumotarrak, aurretiaz azaldu zuen Burgosen lantaldearen sakontasuna “partiduko gakoetako bat” izan zitekeela, eta halaxe izan zen: “Ondo genekien Burgosek azkenengo bi denboraldietan sakonki eraldatu duela bere lantadea eta horregaz sendotasuna, abiadura nahiz lehiakortasuna irabazi dituela”.
Jokalari freskoak zelairaturik, Burgosek gora eta gora baino ez zuen egin bigarren zatian zehar; basurdeek, ordea, jarrera oldarkorra, borrokalaria eta gogorra erakutsi zuten, baina ez zen nahikoa izan garaipenaren lehian murgilduta jarraitzeko. Azken partiduetan gertatu den legez, azken minutuetan beren maila hondoratu egin zen. Maidaganek asko baloratu du bere jokalariek erakutsitako jarrera eta nortasuna: “Beste partidu batzuetan falta izan zaiguna horixe da, jarrerari eustea. Esango nuke, nortasun eta gogo horiei eusten baldin badiegu, geure helburu berberak dituzten taldeen kontra lehiakor agertzeko eta garaipena lortzeko moduan egongo garela”.
Burgos, izan ere, hamalau puntugaz eta taulako seigarren postuan iritsi zen Urbietara; Gernika RT, aldiz, azken-aurrena eta puntu barik. “La Vila, Belenos, Pozuelo edota Les Abelles ditugu zuzeneko aurkari. Burgos moduko taldeek beste helburu batzuekin lehiatzen dute ligan, irabazi diezaiekegun arren”, azaldu du entrenatzaileak.
Datorrenaren esperoan. Taldeak berezkoa duen jarrera eta identitatea berreskuratu dituen ustean, hurrengo norgehiagoka ligako talde sendoenetako batn kontra jokatuko dute: Valladolideko SilverStorm El Salvador. Hirugarren postuan dago, egun, sailkapenean, baina horrek ez du Maidagan kikiltzen: “Egungo talderik puntuakoenetakoa den arren, iazko denboraldian Urbietan irabazi egin genien; horrenbestez, ez dago ezinezkorik.
Galdu arren, Burgosen kontrakoan argi eta garbi utzi genuen zelako taldea garen: lehiakorra, borrokalaria, umila eta batua. Zantzu horiei eutsi behar diegu datozen partiduetan, ligako edozein talderi ezustekoa eman ahal izateko”. Valladolideko zita abenduaren 10ean izango da. Epe laburragora, baina, min hartutako jokalariak berreskuratzea eta minutuen zama bizkarrean daramatenei “lasaitasun eta atseden apurtxo bat” ematea izango dituzte jomuga. SilverStorm El Salvadorren kontrako partiduaren ostean, euskal derbia jokatuko dute Urbietan: abenduaren 18an Ampo Ordizia hartuko dute.