Muxikako umeek Azaroaren 25agaz bat egin dute
Muxikako haurrek collage bat egin dute Biolentzia Matxistaren Aurkako Egunean, Zubieta Errotan
Busturialdeko udalerrietako udalak, elkarteak, eragileak nahiz herritarrak Azaroaren 25eko, Biolentzia Matxistaren Aurkako Eguneko, ekimenekin bat egiten ari dira gaur. Muxikan ere bat egin dute deialdi horregaz. Izan ere, eskolako ikasle nahiz irakasleek Azaroaren 25eko tematika jorratzen duen murala egin dute elkarlanean; Zubieta Errotarainoko bidea egin dute gaur, collage horri ikasle bakoitzak norbere irudi zatitxoa ipintzera. 14:30etik aurrera, eskolako bi urtetik gorako ikasleak banan-banan pasatu dira liburutegitik, eta bertan, klasean eginiko irudi zein mezuekin, collagea osatu dute.
Collage hori, hain zuzen ere, domekan (azaroak 27) egingo duten Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioan erakutsiko diote herritarrei. Saio horretan Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Ane Labaka eta Oihana Bartra. Gai jartzailea: Amaia Agirre. Musikariak: Oihana Rodrigez eta Ixak Arrutik parte hartuko dute;
Irabaziak Iñurri elkartearentzat izango dira. Ikuspegi feminista eta eraldatzailetik minbiziari buruzko dibulgazioa eta formazioa eskaintzen du elkarte horrek. Minbiziaz berba egiten dute, “ileordeez eta heriotzaz”. Tabuen kutxan dauden gai horiek azaleratu nahi dituzte, guztiak “normalizatu eta barne korapiloak askatu”.
Bestalde, Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako emakumeek osatzen duten Oxigastra Curtisi taldekoek Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako bideoa egin dute.