"Skateak sor ditzakeen ondorio positiboak erakutsi gura ditut"
Skatea praktikatuz, ume eta nagusien garapen positiboa sustatu gura ditu Arizmendik, eta aldi berean, skatea irakatsi. Eragile eta entitateekin harremanak garatu gura ditu.
Skatearen bitartez, taldetik kanpo sentitzen direnak talde baten parte sentiaraztea da Julen Arizmendi skate irakaslearen helburua. Skatea kirol inklusiboa dela dio, “edonork praktika dezakeena”. Haszten Fundazioagaz lan egin eta kirol egokitua lantzen du, baina garapenera bideratu gura duen kirola da skatea: ”Gizarte-etxeekin lan egiten dugu, kartzeletan ere garapena bultzatu gura dugu, eta LGTBI kolektibokoei kirol hau praktikatzeko dei egin gura diegu. Beste esparru batzuk jorratu gura ditugu”.
Nondik datorkizu skatea garapenerako erabil daitekeela ikustarazteko gogoa?
Txikitatik sortu zitzaidan skatearekin lor daitezken gauza guztiei buruzko jakinmina, eta psikologia ikasten ari nintzenean jakinmin hori praktikan jartzeko gogoa gehitu zitzaidan. Ikasketak hasi aurretik Badalonan zegoen proiektu bat ezagutu nuen, guztiz komunitarioa zena. Espazio egoki bat eraiki zuten gizarte bazterkeria larria sufritzen zutenei skatea praktikatuz laguntzeko. Plazan biltzen ziren, eta skateak gizarte lanarekin zerikusia izan zezakeela ikasi nuen.
Munduan horrelako proiektuak garatzen dira, beraz.
Psikologiako ikasketak egitean skatea gizarte lanarekin uztartzeko gogoa sortu zitzaidan, eta baita proiektu batzuk ezagutzekoa ere. Konturatu nintzen asko direla horrelako proiektuak, bai entitate pribatu, bai GKEek antolatuta daudenak. Hala, Israelen eta Palestinan dauden proiektuak ezagutu nituen, Palestinakoetan sakonduz. Zelan behar egiten duten ikusi nuen, puntu garrantzitsuenak antzeman… Gero, Etiopian egon nengoela, beste ikuspuntu bateko proiektuak ezagutu nituen.
Euskal Herrian zein da egoera?
Beste errealitate batzuk ezagututa, skatearen bitartez hautemandako ongizateari buruzko Gradu Amaierako Lana egin nuen. Argentinan garatu nuen, hango auzo zaurgarri bateko skateko proiektu bat aztertuz. Elkarrizketak eginda, skatearen praktika zelan hautematen zuten jaso nuen, baita praktikek ongizatean zelako emaitzak sortzen zituzten ere. Hona bueltatzerakoan, skate eskola batean lanean hasi nintzen, esperientzia sakona hartzeko, eta skatearen bitartez aspektu desberdin asko landu daitezkeela ikasi nuen.
Aniztasun funtzionala duten pertsonek ere skatea praktikatu dezaketela zabaldu gura duzu. Edonork gauzatu dezakeen kirola dela, egokituz gero.
Haszten Fundazioa kirol egokitua eta inklusiboa garatzen duen elkartea da, Bizkaian lan egiten duena. Bertan, skate egokituari buruzko proiektu bat garatu nuen, eta aniztasun funtzionala dutenek skate egokitua praktikatzeko prototipoa eraiki genuen. Skatean edonor aritzea nahi dugu, aniztasun funtzionala dutenak ere bai; aniztasun fisikoa, mentala edo intelektuala. Gero, masterra egiten hasi eta Skateistanen lan egin nuen, skatea, hezkuntza eta garapena lotzen dituen mundu mailako proiektuan; skate eskolak eraiki dituzte Afganistanen, Cambodian eta Sudafrikan. Ikuspegia zabaltzen ari dira, eta euren helburua da skate eskolak sortuko dituztenei formakuntza saioak eskaintzea.
Oinarri horretatik, zure proiektu propioa eraiki , eta skatea garapenerako tresna izan daitekeela erakusteko lanean zabiltza.
Metodologiak diseinatu eta praktikan jarri ditut. Beti gura izan ditut erakutsi skateak pertsonengan sor ditzakeen efektu positiboak. Txapelketatik urrun, horrelako proiektuak eraiki behar dira. Espazio bat eraiki dut, skatearen eskuragarritasuna zabaltzeko eta praktika hau garatzeko baliabideak ez dituztenei horiek eskaintzeko. Skatea tresna berdintzailea dela uste dugu, helburu indibidualetik helburu kolektibo bat sortzen delako. Espazio bateratu bat sortu gura dut, skatea zutunik zein jesarrita egiteko. Aniztasun funtzionala dutenentzako bakarrik ez, beste kolektibo batzuk gizarteratzeko boterea ere badauka kirol honek; gizarte etxeetan bizi diren gazteak eta kartzelan daudenak, esaterako. Genero perspektibak ere landu daitezke. Skatea praktikatzeaz gain, saiatzen gara gizartean dagoen aniztasuna islatzen. Jendea biltzeko aitzakia da, eta aberastasuna ematen dio kirolari zein sortzen diren harremanei.
Hasztenegaz erlazioa duzue, baina beste eragile batzuekin batzeko asmoa ere baduzue?
Caritasekin, Apnabi Bizkaiarekin, Gorozikako barnetegiarekin… asko dira egiten ditudan elkarlanak. Haszten Fundazioa hasieratik dago, eta euren bitartez, aniztasun funtzionala duten pertsonei zerbitzu profesionala eskaintzen diegu. Skatea praktikatuz onurak lortzen dituzte. Izan ere, skatean euren burua gainditzen dute, eta erne daude, baita motibazioz beteta ere. Sortzen diren emozioak kudeatzen ikasten dute, eta bakoitzaren mugak ezagutzen dituzte; euren gaitasunen garapen graduala bilatzen dugu. Saiatzen gara ingurune egokia sortzen, euren sentsibilizazioa garatzeko. Gorozikako barnetegiarekin, bestalde, euskararen erabilpera sustatzeko eta testuinguru ez formalean euskara sustatzeko ariketa egokia da skatea. Gizarteko aniztasuna islatu gura dugu skatearen bitartez; uste dugu kolektibo askok dutela horretarako beharra.
Etorkizunerako proiektuak dituzu?
Elkarlanari balioa eman behar diogu, beste erakunde batzuei dei egiteko, sareak ehuntzeko. Eskolekin elkarlana sustatu, eta skatearen bitartez baloreak transmititu gura ditugu, gaitasun eta kontzeptu asko barneratzeko. Saiatzen gara ume eta nagusien garapen positiboa sustatzen. Skatea ez da futbola bezalako kirol ezaguna, eta ezagunagoak lehenago egokitu dira, baina erakutsi gura dugu dena egokitu daitekeela, eta skatearen bitartez hainbat balio transmititu daitezkeela; aniztasun funtzionala dutenei egokitutako skate baliabideak behar dira.
Kartzeletara joan gura duzue.
Gure ametsa da eskolekin harremanak eraikitzea, baina baita euren askatasuna murriztuta dutenekin lan egitea ere. Oztopo asko badaude ere, presoen gizarteratzea bultzatzeko lan egin gura dugu kartzeletan; skatea horretarako bidea izan daiteke. Esfortzu handia merezi duten kolektibo asko daude, eta eurengana ailegatu gura dugu. Integraziorako ikuspuntu hori barneratzea da asmoa. Espazio seguru eta kontrolatua eskaini gura dugu, adin eta gaitasun desberdinak dituztenak elkartzeko eta denon artean ikasteko.