Kalitatezko Arreta Goiztiarra eskatzeko kanpaina egiten ari da Autismo Euskadi
change.org plataforman sinadurak batzen ari dira. Besteak beste, Arreta Goiztiarraren zerbitzua 6 urtetik gorakoei ere ematea eskatzen dute, "ume bakoitzak behar duen denboran eta kasu bakoitza aztertuta".
Murrizketekin amaitzeko eta kalitatezko Arreta Goiztiarra eskatzeko eta kanpaina egiten ari dira Bizkaiko zenbait familia, Autismo Euskadi taldearen bidez. change.org plataforman sinadurak batzen ari dira: “Arreta Goiztiarra zenbait jakintza alorretako ekintza koordinatuen multzoa da, garapenean arazoak edo eragozpenak dituzten edo izateko arriskua daukaten haurren premiei erantzuteko. Murrizketekin eta terapien kostua gure gain hartzearekin nazkatuta, Bizkaiko familiak bildu eta ahotsa altxatzea erabaki dugu, gure seme-alabei kalitatezko Arreta Goiztiarraren zerbitzua exijitzeko. Kalitatezko gizarte-, hezkuntza- eta osasun-laguntza jasotzeko adingabeek daukaten eskubidea babestea eskatzen dugu”.
Arreta Goiztiarraren zerbitzua 0-6 urte bitartekoei eskaintzen zaie, eta 6 urtetik gorakoei ere ematea eskatzen dute, ume bakoitzak “behar duen denboran iraunez eta kasu bakoitza aztertuta eta baloratuta”, eta baita ere itunpeko edo hitzartutako zentroen lana eta Berritzegune eta Osakidetzako zerbitzuena “elkarren osagarri izatea, ez horiek ordezkatzea”. Behar adina saio egitea, eta horiek “egokiak” izatea aldarrikatu dute.
Diotenez, “modu aktiboan” parte hartu nahi dute euren seme-alabei eragiten dieten gizarte eta hezkuntza zerbitzuen “antolaketan eta funtzionamenduan”.