Durangoko Azokak 930 nobedade eta 250 ekitalditik gora dakartza
Abenduaren 7tik 11ra egingo da 57. Durangoko Azoka, eztanDA! lelopean. Zehaztu dutenez, Landako gunean 248 erakusmahai egongo dira: 689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 (ikus-entzunezkoak, papergintza…). Nobedade guztiak Azokaren Interneteko dendan ere eskuragarri egongo dira.
[ikus EGITARAUA] – [ikus KATALOGOA]
Azpimarratu dute aurten 176 parte hartzaile edukiko dituela azokak. “Parte hartzaile kopurua pandemia aurreko kopuruetara bueltatu da”. Esan dute horietatik 34 lehenengo aldiz egongo direla Durangoko Azokan. “Autoekoizleen plazan 15 autoekoizlek parte hartuko dute”.
- Ikasleen eguna, abenduaren 7a. Egun horretan (Ikasle Goiza) 1.500 ikaslerentzako tailerrak antolatu dituzte. Lehen aldiz, gainera, hezitzaileei zuzendutako eskaintza ere egongo dela esan dute.
- Gazteentzako egitarau berezia. Abenduaren 9an Gazte eztanDA! gazteei zuzendutako egitarau berezia eskainiko da. Egun osoan gazteei zuzendutako kultur ekitaldiak eta hainbat jarduera egongo dira: gazte bazkaria egongo da (norberak eraman beharko du jatekoa), ginkana egingo dute eta elektrotxaranga jaia egingo da herriko kaleetan zehar.
Kultur ekitaldiak. Azokako gune guztietan ohiko aforoak berreskuratuko direla esan dute. Guztira 250 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira aukeran.
- Saguganbara: familiei begirako ikuskizun, tailera eta aurkezpenak.
- Irudienea: Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak. Guztira 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira. Abenduaren 10ean Paul Urkijoren Irati filmaren emanaldi berezia eskainiko dute.
- Szenatokia (San Agustin kulturgunean): Arte eszenikoei lotutako gunea. Aurten pieza laburren erakusketa egongo da. Abenduaren 8tik 11ra 12 talde ariko dira bertan (egunero hiru talde). Guztira 29 saio eskainiko dituzte. Lehenengo egunean inaugurazioa egingo da, 19:00etan.
- Ahotsenea: Sortzaileen gunea. Horretan 47 talde ariko dira euren azken lanak aurkezten. Eta tartean Delirium Tremens ariko da. Disko aurkezpenak zuzenean jarraitu ahalko dira, Internetez. Oharra: solasaldien gunea Musika Eskolan egongo da. Horretan eleberriak, poesia liburuak, antzerki bildumak… aurkeztuko dituzte.
- Landako gunea: Areto Nagusian bi gune egongo dira: Kabi@ eta Talaia.
- Kabi@: Mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egongo dira abenduaren 7an eta 9an. Abenduaren 9an Gamer Gela antolatuko da Game Erauntsia taldeko kideekin.
- Talaia: Nagusiki zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira abenduaren 8an, 10ean eta 11n. Kultur arloko gai ezberdinen gaineko hausnarketarako tartea ere izango da.
[ikus EGITARAUA] – [ikus KATALOGOA]
Autobusak. Durangoko Azokak doako autobus lanzadera zerbitzua edukiko du abenduaren 8tik 11ra. Doako zerbitzuak Landako gunea eta inguruko aparkalekuak lotuko ditu 20 minuturo, 10:30etik 20:00ak bitartera.
Azoka hasi aurretik eta amaitu ostean ere ekitaldiak egongo direla esan dute. Abenduaren 5ean, esaterako, DA! PRO sortzaileentzako topaketa profesionalak antolatuko dira San Agustin kulturgunean eta Bizenta Mogel liburutegian. Bestetik, azoka amaitu eta gero Zu non, han DA! proiektua hasiko da. Horretan Azokan salgai egongo diren hainbat nobedade Euskal Herriko liburu dendetan eskuratu ahal izango dira; 132 saltokik parte hartuko dute proiektu horretan. Aurkezpenak 45 liburu dendatan egingo direla esan dute, eta hainbat sortzailek parte hartuko dute.