2021eko jaioberrien liburua aurkezteko jaia, domekan
Euskararen Nazioarteko Egunaren (abenduak 3) bueltan, ohitura den legez, 2021eko jaioberrien liburua aurkezteko jaia egingo dute, domeka honetan (azaroak 27), 12:00etan, Kafe Antzokian.
Iaz jaiotako 98 bermeotarren senideek euren bertsoak batzen dituen liburua hartuko dute Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eta Euskera zinegotzi Kepa Zumetaren eskutik. Iker Gonzalezek aurkeztuko du ekitaldia, eta Patxin eta Potxin pailazoek parte hartuko dute.
Udaletik gogoratu bezala, jaioberrien liburua 2002. urteaz geroztik Bermeon jaio diren ume guztiei ematen zaie. Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertso guztiak Lilibertso bertsolarien elkarteak egin ditu, eta liburuan, bertsoaren azpian, bertsoa kantatzeko doinua aitatzen da: “Oraingoan, 2021ean jaio diren 98 umeek eta euren familiek, bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere izango dute”.