Nabarnizko irudi onenen bila, udal egutegia osatzeko
Nabarnizko 2023ko egutegia osatzeko antolatu duten lehiaketara azaroaren 28ra arte (astelehena) aurkeztu daitezke argazkiak.
2023ko egutegirako argazki lehiaketaren oinarriak eta baldintzak argitaratu ditu Nabarnizko Udalak. Gai zehatzik ipini ez dutenez, parte-hartzaileek askotariko argazkiak aurkezteko aukera daukate, baina argazkiak Nabarnizen ateratakoak direla “argi ikusi behar dela” gogoratu dute.
Adin mugarik gabe, udalerrian erroldatutakoek bidali ditzakete argazkiak posta elektronikoz udala@nabarniz.eus helbidera. Azaroaren 28a (14:00etara arte) da argazkiak aurkezteko azkenengo eguna.
Herritar bakoitzak gehienez ere hiru argazki bidali ditzake, baina “bakarra aukeratuko” dutela jakinarazi dute: “Argazki bakoitzak izenburua edo azalpen laburra eraman behar du, baina ez egilearen izena, sinadura edo identifikazio daturik”.
Argazkien formatuari eta neurriari dagokionez, horizontalean ateratakoak onartuko dituzte, eta erresoluzio handikoak izan behar dute: “Gutxienez ere 2Mb edo 4000×3000 pixel, eta jpeg formatuan aurkeztu behar dira”.
Epaimahaia ez dute udal ordezkariek osatuko, argazkien aukeraketa “udalaz kanpoko aditu talde batek” egingo baitu, eta herriko egutegirako aukeratutako argazki bakoitzaren egileak 50 euroko saria jasoko du.