Julen Karrion Lamikiz izango da berriro EAJren alkategai Muruetan
23 urteko muruetarra bigarrenez aurkeztuko da Muruetako udal hauteskundeetara. "Betiko ilusio, apaltasun eta konpromisoarekin", jaso du albistea Karrionek.
Egun Muruetako alkate den Julen Karrion Lamikiz izango da EAJren alketagai Muruetan. EAJk azaldu du Karrionek azken lau urteotan egin duen lanak balio izan diola talde jeltzaleak udal hauteskundeetan beragan sinesteko.
Karrionek adierazi du ilusioz jaso duela albistea: “Betiko ilusio, apaltasun eta konpromisoarekin onartu dut hautagaitza, baina askoz ere esperientzia handiagorekin. Muruetako alkate izatea ohore bat da, eta ez dira hitz hutsak”. Egungo alkateak azpimarratu du auzolana funtzeskoa dela Murueta bezalako udalerri batean.
Alderdi jeltzaleak goraipatu du agintaldi hasieran hitzemandako konpromiso gehinak bete dituela Karrionek, hala nola, osasun kontsultategi berria, hilerriaren erreforma edota Ekeizaldeko aparkaleku berria egitea.
Muruetako EAJk aurreratu du dagoeneko eman dituztela lehenengo urratsak hurrengo urteetan garatu gura dituzten proiektuen ildo nagusiak adosteko, beti ere muruetarrek euren konfiantza emanez gero.
Karrioni buruz
Gaztea izan arren, 23 urte ditu Karrionek, eta betidanik erakutsi du politikarekiko “interes handia”. Muruetarra Zuzenbide Ekonomikoan graduatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta gaur egun Gobernantza eta Politika Ikasketak masterra egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bermeoko OMIC bulegoan kontsumo teknikari izateaz gain, Gernika Sporting B taldeko entrenatzailea ere bada. Ezin ahaztu Karrionek bertsoarekiko duen zaletasuna, izan ere BBK Bertsolari Gazteen Sariketako irabazle izan zen 2017an.