Lointek Gernika Bizkaiak Cadí la Seuren aurka jokatuko du bihar, 18:00etan, kanpoan. Emakumeen Endesa Ligako partidua izango da, abenduaren 1era arte azkena, FIBA geldialdia egongo baitute.
Lointek Gernika Bizkaiak La Seu d’ Urgellen jokatuko du, Cadí la Seu taldearen aurka. Emakumezkoen Endesa Ligako zortzigarren jardunaldiko norgehiagoka izango da, eta 18:00etan abiatuko dute. Anna Montañana entrenatzaile valentziarraren neskak sasoi puntu onean iritsiko dira Kataluniara: ligako nahiz EuroCup Women txapelketako azken partiduetan maila oso handia erakutsi dute, eta garaipen sendoak poltsikoratu dituzte. Gainera, zapatukoa bolada batean azken partidua izango da: FIBA leihoak direla eta, abenduaren 1era arte ez dute jokatuko, zenbait jokalari beren herrialdeetako selekzioagaz jokatzen ariko baitira. Lointeken jomuga, horrenbestez, orain arteko maila handiari eta emaitzen korronte onari jarraikortasuna ematea izango da, etenaldia aho zapore eztiagaz abiatzeko.
Movistar Estudiantes, Spar Gran Canaria edota Rutronik Keltern Stars lako aurkari gogorren kontra irudi oso txukuna eskaini ostean, Erregina Koparako txartel lortzeko bidean arerio zuzena izan daitekeen taldea edukiko du aurrez aurre Gernikak. Emaitzen bilakaera alde dute: azken lau partiduetan lau garaipen lortu dituzte. Intentsitate mailari dagokionez, Montañanaren jokalariek urrats esanguratsua egin dute aurrera. Nogaye Lo, Marta Alberdi edota, batez ere, Sandra Igerabide min hartuta dauden arren, Rosó Buchek, Itziar Ariztimuñok eta Brooque Williamsek taldearen ardura beren bizkarretan hartu dute, eta egundoko mailan aritu dira azken zitetan.
Aurkari sendoa. Lesionatuta dauden jokalariak nahiz denboraldi hasieran minutu luzez jokatzen ibili direnak berreskuratzeko balioko du azaro amaierako geldialdiak, baina lehenengo Cadí la Seuren kontrakoa jokatu beharko dute. Perfumerias Avenida, Spar Uni Girona eta Valencia Basketen ondoren, ligako talde sendoenetakoa da. Egun, sailkapeneko zortzigarren postuan kokatuta daude, hiru garaipen eta lau porroteko bilakaeragaz; EuroCup Womenen, ostera, hiru norgehiagoka irabazi dituzte, eta bakarra galdu dute.
Beren lantaldeari helduta, azken denboraldietako izar gorena, Irati Etxarri, galdu dute, entrenatzaile aldaketagaz. Dena dela, taldearen oinarriari eusten diote: Laura Penya, Laia Raventos, Ari Pujol, Montse Brotons, Paula Strautmane zein Jewel Tunstull bezalako jokalari lehiakorrak dituzte. Fitxaketa nabarmenak ere egin dituzte, hala nola, Geo Bahi, Bojana Kovacevic, Elise Ramette eta Taylor Koenen.
Lointekek eta Cadík pareko eskemak dituzte, jokoaren moldeari dagokionez: uneoro erasoaldietan aktibo egoten saiatzen dira, defentsa lerro sendoa mantenduz. Zentzu horretan, gernika-lumotarrak erreboteetara adi egon beharko dira, partiduan gako izan daitezkeelako. Era berean, Raventosen edota Penyaren erasoko ekoizpena hurretik jagon beharko dute, alor horretan espezialistak baitira.