Copernika: bideo sorkuntza musikalerako jaialdia
Eragile asko eta asko ahalegintzen dira musika eta bideoa uztartzen dituzten piezak sortzen, eta horiek guztiak aurkeztuko dituzte bihar, 19:00tan, Elai Alai aretoan.
Ikus-entzunezko eremu asko barne biltzen dituen diziplina artistikoa da Copernika, esperientzia bakarra eskaintzen duena, hiru eta bost minutuen arteko iraupena duten ekoizpenek osatzen dutena. Copernika da bideo sorkuntza musikalerako jaialdia, Bizkaian ekoiztutako lan handia biltzera bideratuta dagoena. Eragile asko eta asko ahalegintzen dira musika eta bideoa uztartzen dituzten piezak sortzen, eta horiek guztiak aurkeztuko dituzte bihar, 19:00tan, Elai Alai aretoan.
“Web esparruan aintzatespen handia duen eta belaunaldi berrien artean interes handia pizten duen eremu artistikoa da Copernika. Bideokliparen mundua bideo sorkuntzako jaialdien kategorien artean katalogatzen ez denez, pantaila handiaren esparrutik kanpo dago”, azaldu dute. Hala, Copernikak gura du webgunearen ingurunetik kanpoko esperientzia bat sortzea, “kus-entzunezko piezak pantaila handian proiektatuz eta euren edukiak gozatzen dituen publikoaren sortzaileak konekta daitezen bultzatuz”.
Hainbat artista bertaratuko dira bihar udalerria: Javier Corcobado, Addar, Adam Kersley, Wicked Wizzards. Liam Mcdonnell, Joseba Elorza Miraruido, Withredd, Antareak, Pablo Palomera, Borja Crespo, Oslo ovnis eta Ramona´s First Evil Boyfriend.
Copernika B-Side, azaroaren 25ean.
Copernika B-Side mintegiak emakumeak ikustarazi gura ditu bideo sorkuntzaren testuinguruan, gero eta ingurune irekiagoa sortzeko, “oraindik ere gizonen begirada gailentzen delako”. Horretarako, Nerea Sutxart, Alba Lozano eta Camile Duhart artistak bertaratuko dira kultur etxera, eta euren lanei eta esperientziari buruz hitz egingo dute azaroaren 25ean. Parte hartzaileek, beraz, euren sortze prozesuan murgilduko dira.
Copernika jaialdiaren bigarren edizio hau, abenduaren 9tik urtarrilaren 2ra bitartean kultur etxean ikusi ahalko da, Copernika Aftermovie erakusketarekin. Izan ere, jaialdiaren esperientzia irudikatzen duen bideoinstalazioa ikusgai egongo da, eta, bertan, hainbat pantailetan, ekitaldiaren laburpen bideo bat egongo da, jaialdiaren momenturik onenak barnebiltzen dituena, eta aurkeztutako lanak batzen dituena.