Bizkaiko giza proba txapelketa Nabarnizen erabakiko da
Nabarnizen lehiatuko dute Bizkaiko giza proba txapelketako finala. Zapatuan nahiz domekan lehiatuko dute. Txapelketako azken txanpa izango da Nabarnizkoa, Kortezubiko eta Getxoko jardunaldien ondoren.
Nabarnizek Bizkaiko giza proba txapelketako azken proba hartuko du asteburuan. Finaletarako, egun biko egitaraua prestatu dute, zapatu-domekan. Bihar, Aitor de la Concepción eta Aitor Etxaniz zein baino zein gehiago ariko dira herriko probalekuan, 17:00etatik aurrera. Domekan, ostera, Eneko Bilbao bizkaitarraren eta Juan Carlos Lopez nahiz Joseba Sanchez arabarren txanda izango da, ordu berean hasita.
Bostak Kortezubin eta Getxon egindako jardunaldiak gainditu ondoren ailegatuko dira Nabarnizko finalera. Kortezubiko zita uztailaren 22an eta 23an egin zuten; Getxokoa, aldiz, urriaren 15ean. Nabarnizkoa, beraz, azken geltokia izango da, Bizkaiko onena zein den ikuste aldera.