Santa Zezili omentzeko kalera aterako dira musikariak Bermeon eta Gernikan
Santa Zezili Eguna martitzenean bada ere, barikuan bertan omenduko dute Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek. Bermeotarrak, berriz, barikuan, astelehenean, martitzenean zein eguenean aterako dira kalera.
Kaleak musikaz beteko dituzte musikariek. Beste urte batez, euren zaindariaren omenezko eguna ospatuko dute Busturialdean, eta Santa Zezili Eguna martitzenean bada ere, barikuan bertan omenduko dute Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek. Bermeotarrak, berriz, barikuan, astelehenean, martitzenean zein eguenean aterako dira kalera.
Jai giroan elkartuko dira Gernika-Lumon. Emanaldia musika eskolako trikitilarien kalejirarekin hasiko da, hauek herriko kaleetan zehar ibiliko baitira Lizeo Antzokira ailegatu arte. Han, 19:00etatik aurrera, ikasturteko lehen hiruhilekoan ikasitakoak erakusteko aukera izango dute musikariek.
Biolontxelo taldekoak, flauta eta pianoko bikotea, trikitixa taldea eta haize ensemblekoak igoko dira oholtzara, baita gitarra hirukotea eta orkestrako ikasleak ere. Azken horiek, hain zuzen ere, Lord of the Rings eta Da Vinci Code filmen soinu bandekin musikatuko dute aretoa.
Bermeoko Kanta kanta lorue ekimeneko kantuzaleak ere barikuan aterako dira herriko kaleak girotzera; 20:00etan jarri dute ordua Goiko plazan.
Astelehenean, berriz, Zezili Deunaren omenez, Arrekatxutxa triki eta pandero taldekoek musikatuko dute Alde zaharra, 19:30ean hasita. Zezilia Egunean Bermeoko Abesbatzaren txanda izango da, izan ere, 20:00etatik aurrera, herriko kaleetatik ibiliko dira kantuan.
Eguenean, koroak eta konboek hartuko diete lekukoa abesbatzekoei, 18:00etan hasita kontzertua eskainiko baitute Irakaskintza kalean.
“Kantatzen duen herriak bizirik dirauelako”, Bermeoko zein Gernika-Lumoko herritarrak gonbidatu dituzte musika emanaldiez gozatzera eta horietan parte hartzera.