Lointek Gernika Bizkaiak erraztasunez irabazi dio Rutronik Keltern Starsi
Lointek Gernika Bizkaiak 78-59 irabazi dio Rutronik Keltern Starsi. EuroCup Women txapelketako play-offetara igarotzeko bidea argitu zaie gernika-lumotarrei garaipen horregaz. Zapatuan Cadí la Seu taldearen aurka jokatuko dute, Emakumezkoen Endesa Ligan.
Lointek Gernika Bizkaiak ia ziurtatuta dauka EuroCup Women txapelketako hurrengo fasean jokatzeko txartela, Rutronik Keltern Stars talde alemaniarraren kontra atzo 78-59 irabazi ondoren. Gaur-gaurkoz, gernika-lumotarrek play-offetara pasatzeko bidean, akatsetarako tarte oso handia dute eta, batez ere, ez dute zertan beste taldeen pentsuan egon. Atzoko partiduan, izar nagusia Brooque Williams estatubatuarra izan zen: partiduko lehen hamar minutuetan 32-12ko markagailua lortu zuen. Era berean, Rosó Buch kataluniarra ere maila handia agertu zen momenturik gaitzenetan.
Laura Spreafico, Julie Wojta eta Sofia da Silva izan ziren lehenengo laurdenean gailendu zirenak, beren erasoaldiei esker. Kelternek, baina, neurria hartu zion partiduari eta taldeko gidariak, Oshlynn Brownek, ardura beregain hartu zuen. Seigarren minututan, Williamseko 17-4koa ezarri zuen hiruko jaurtiketa bikain bategaz, eta horrek Kelterneko Timur Topal entrenatzailea hutsartea eskatzera derrigortu zuen. Geldialdiak, ostera, ez zion mesede egin: Buch eta Williams nahieran moldatu ziren, eta 32-12gaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarrenean, Lointekek intentsitateari eutsi zion, baina emaitzen maila apur bat jaitsi zen, hala nola, jaurtiketei zegokienez. Kelternek, bere aldetik, gora egin zuen partiduan, baina ez zuten lortu markagailuan aldeak asko murrizterik: 40-23. Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak, gainera, Williams atzera kantxaratu zuen, eta hirukoetako presentzia hauspotu egin zuen horrek. 49-31ko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira.
Aldageletatik itzultzerakoan, Gernikaren mailak ez zuen behera egin. Izan ere, hipotekikoki hirugarren sailkatuz gero, taldekako faseko azken jardunaldian, puntu kopuruak zeresana eduki zezakeen; ahal bezainbeste poltsikoratzea, beraz, gako zen. Hori egiteko ardura hartu zuena Andrijana Cvitkovic izan zen; aldea 24 puntutik gora eroan zuen. Montañanak, kantxaren hegaletik, behin eta berriro intentsitateari eusteko eskatu zien bere jokalariei, egiten zebiltzan behar ona txalotzen zuen bitartean. Hemeretzi puntuko aldeagaz ekin zioten laugarren laurdenari: 70-51.
Gazteak, kantxara. Azken aldi horretan, saskiraketen kadentziak zertxobait behera egin zuen, baina Kelternek ere ez zuen ziurtasunez asmatu. Gainera, Paule Loroño eta Uxue Aberaturi harrobiko jokalariak kantxaratu zituen Montañanak, etxeko ikusleen gozamenerako. Azken zati horretan ez zen dominatzaile argirik egon, eta 78-59 nagusitu zen, azkenean, Lointek Gernika Bizkaia. Hurrengo partidua zapatuan jokatuko dute, 18:00etan, La Seu d’Urgellen. Cadí la Seuren aurka neurtuko dira Emakumezkoen Endesa Ligako partiduan, eta horren ondoren abenduaren 1era arteko geldialdia edukiko dute; izan ere, zenbait jokalarik beren selekzioekin jokatuko dute.