Gernika SDk Celtaren kontra jokatuko du Errege Kopan
Leganes kanporatu ondoren, Gernika SDk Celtaren kontra jokatuko du Errege Kopako hurrengo kanporaketa, Urbietan.
Atzo egin zuten Errege Kopako hurrengo fasean lehiatuko diren taldeen zozketa, eta Gernika SD futbol taldeari Lehen Mailako aurkaria egokitu zitzaion: Celta. Bigarren kanporaketa hori abenduaren 21ean izango da, eguaztena, Urbietako zelaigunean. Talde gernika-lumotarreko jokalariek “motibazioz gainezka” hartu dute lehiaketako hurrengo arerioaren kontrakoa. Koldo Berasaluze kapitainak azaldu duenaren arabera, “ohore handia” izango da Celtaren aurka jokatzeko aukera edukitzea: “Lehen Mailan urte luzeetako ibilbidea daukan taldeetako bat da; klasiko bat. Talde borrokalaria da, lehiakorra, eta mailadun jokalariak dituena, aurten sailkapenean beste denboraldi batzuetan baino beheraxeago dauden arren”.
Gernika-Lumoko taldekoek argi eta garbi dute Lehen Mailako talderen bat suertatzea “ia saihestu ezinezkoa” zela. Izan ere, RFEF 2. Mailako hamahiru talde egon ziren zozketan, eta Lehen Mailakoak, ostera, hamabi. Jokalariek zuzenean ikusi zuten zozketa, Urbietan. “Urduritasunez bizi genuen, baina azkenean oso asebeteta amaitu genuen tokatu zaigun etsaiagaz”, adierazi du kapitainak. Celtari irabazteko edo, behintzat, “aurpegia erakusteko” bideaz ere mintzatu da Berasaluze: “Leganesegaz egin genuen pareko estrategia baliatu beharko dugu; defentsa lerro sendoa antolatzea nahitaezkoa izango da, atzealdean txukun ibili beharko gara, eta geure aukerak ahal bezainbeste aprobetxatu. Horrez gain, beraiek ere egunik onena eduki ez dezatela espero beharko dugu”.
Urbieta lako zelai txikiak Lehen Mailako taldeei ez zaizkiela ondo egokitzen azaldu du Berasaluzek. “Ohituta daudena baino txikiagoak dira eta, beraz, ez dira hain egokiak bilatu ohi duten jokoa gauzatzeko. Gainera, belar artifizialagaz jokatzera ohituago gaudela esango nuke”. Dena dela, Celtako lantalde zabalak alde edukiko du partidua eguaztenez jokatzea, eta ez asteburuz, Leganesen kontrakoa bezala. “Arinagoko asteburuko partidutik berreskuratzeko tarte txikiagoa edukiko dugu. Gainera, ez dut uste Celtako jokalari askok Munduko Txapelketa jokatuko dutenik, eta horrek atsedena hartuta iristea ahalbidetuko die. Horrez gain, Errege Kopa lako txapelketetan Celta Bko jokalariei ere aukera eman ohi diete; oro har, jokalari ugari edukiko dituzte aukeran”.