Gernika Futbol Salak aurrera egingo du Euskal Kopan
Gernika Futbol Salak Elorrietakoren aurkako Euskal Kopako kanporaketa irabazi du, etxeko jarraitzaileen aurrean eta partiduari buelta eman ostean. Hurrengo kanporaketa otsail erdialdean jokatuko dute.
Gernika Futbol Salak Elorrietako talde bilbotarraren aurkako partidua irabazi zuen atzo Santanapen, eta, garaipen horri esker, Euskal Kopako hurrengo kanporaketara igaroko dira. Gernika-lumotarrak 8-4ko markagailuagaz nagusitu ziren, Santanapeko harmailak lepo bete zituzten ikusle eta jarraitzaileen aurrean.
Taldetik adierazi dutenaren arabera, “markagailuak ez du erakusten partiduaren gogortasuna“. Izan ere, Elorrietako Gernika baino gehiago izan zen lehen zatian; hain zuzen ere, 2-0ekoa lortu zuten San Inaziokoek, minutu gutxiren buruan. Etxeko taldeak, 2-1ekoagaz, distantziak apaldu zituen, baina, jarraian, 3-1ekoa lortu zuen Elorrietakok. Markagailu horregaz amaitu zuten lehen zatia. Gernikak ez zuen asmatu aurkariaren jokoa ganoraz irakurtzen, eta asko zaildu zitzaion Euskal Kopan bizirik segitzea.
Partidua iraultzea. Atsedenaldiaren ondoren, partiduak oso bestelako noranzkoa hartu zuen. Gernikak hobeto detektatu zituen Elorrietakoren jokaldiak, eta eurak baino aldea gehiago izan ziren. Jokaldiz jokaldi, markagailua berdindu ez ezik, partidua goitik behera irauli, eta Elorriokoren ordura arteko nagusitasuna errotik moztu zuten. Taldekoak “harro, pozik eta zoriontsu” agertu dira, egoera “benetan gaitz bati” buelta ematea eta etxekoen aurrean “itxura oso txukuna erakustea” lortu zutelako.
Hurrengo kanporaketa otsail erdialdean jokatuko dutela aurreratu dute. Euskal Kopako finalaurrekoak eta finala, final four deritzena, apirilean jokatuko dituzte: 1ean eta 2an izango dira, hurrenez hurren.