Adin guztietako bizilagunentzako kirolgunea egokituko du udalak Klaratarren komentuaren atzean
Lan hauek burutzeko 311.600 bideratuko dira. Udalak espero du udaberrirako lanak bukatuta izatea.
Klaratarren komentuaren atzean dagoen berdegunean adin ezberdinei bideratutako kirolgunea egokituko du datorren hilabeteetan Bermeoko Udalak. Lan hauek burutzeko 311.600 euro bideratuko dira, BEZ-a barne, eta kalistenia gunea, nagusientzako kirol gunea eta umeentzako jolasgunea egingo dira besteak beste.
Lanak bi fasetan egitea aurreikusten du udalak. Momentu honetan, udala San Martineko parkeko urbanizazioa egiten ari da; hau da, lurra prestatzen dabil beranduago hornidura jartzeko. Lan hauek 117.612,00 eurotan esleitu dira. Bigarren fasean, gune ezberdinek izango dituzten elementuak jarriko dira, eta, horretarako, 193.600 euro bideratuko direla zehaztu du udalak, BEZ-a barne.
“Gure helburu estrategikoetako bi dira herritarren bizi kalitatea hobetzea eta bizimodu osasuntsua eta kirola sustatzea. Bada, datozen hilabeteotan egingo diren lan hauek zuzeneko erlazioa dute aipatu helburuekin. Gainera, adin ezberdinei bideratutako inbertsioa izango da, etxeko txikienetatik hasi eta nagusietaraino iritsiz, eta honek balio erantsia ematen dio. Gure betebeharra da bizimodu osasuntsua eta kirola bultzatzeko baliabideak herritarren eskura jartzea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Alkateak aitortu du lanak udaberrirako amaituta izatea espero dutela: “Espero dugu udaberrirako lanak bukatuta egotea. Aisialdi eta kirolerako gune berriak egitea herritarrek parte hartze prozesuetan behin eta berriz eskatu duten iniziatiba da eta eskaera horiei erantzutera dator proiektua”.