Sei hizkuntzatan azpititulatuta ikusi ahalko da Gernika Batzordearen dokumentala
Euskaraz, gazteleraz eta katalanez azpititulatuta ikusgai dago 'Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen' dokumentala, eta, laster, ingelesera, alemanierara eta frantsesera itzuliko dute.
Gernika Batzordearen ibilbidea kontatzen duen Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen ikus-entzunezkoa estreinatu zuten iazko urriaren 22an, eta, euskaraz gain, dagoeneko gazteleraz zein katalanez ere ikus daiteke. Gainera, jakinarazi dute guztira sei hizkuntzatan ikusi ahalko dela, izan ere, beste hiru hizkuntzatara ere itzuliko dute: ingelesera, alemanierara eta frantsesera.
Ikus-entzunezkoa eginda, solasaldiak antolatzeko eta dokumentala tresna praktiko modura erabiltzeko bideari ekin diote Gernika Batzordeko kideek. Hala, aurten, hainbat emanalditan parte hartu dute. Etxebarrian egon ziren Ahanzturaren Oroimena 1936 elkarteko kideekin, eta Lemonara joan ziren gero, udalarekin elkarlanean. “Lemoako Udalarekin elkarlanean, eta bertako 85. urteurreneko egitarauaren baitan, ikus-entzunezkoaren emanaldia egin genuen Kotxepin kultur aretoan, jede askoren aurrean. Lan itzela egiten ari dira bertako herritarrak herri memoriaren eraikuntzan; zinez pozgarria da holako egitasmo batean parte hartzea”, adierazi dute Gernika Batzordekoek.
Bi herritan memoria bakarra egon daitekeela erakutsi zuten martxoan, Gasteizen. Martxoak 3 elkartearekin batera, memoria gunean izan ziren martxoaren 30ean, Zaramaga langile auzoan, eta haien memoriak ere bizirik dirauela erakutsi zieten gasteiztarrek gernikarrei.
Bilbo zaharreko Xake espazioan ere erakutsi zuten dokumentala, EH Bildu Bilbok antolatutako memoria astearen baitan. “Xake espazioa auzogintza lantzen duen gune kolektiboa da; gainera, Bilbo zaharra memoria handiko lekua izanik, are pozgarriagoa izan da gure parte hartzea bertan”, azaldu dute elkarteko kideek.
Irailaren 1ean, Irun bonbardatu zuteneko 86. urteurrenean, Bidasoako Kepa Ordoki memoria elkartearekin ikus-entzunezko emanaldia egin zuten Irunen ere. Aurretik, Irungo eta Gernikako bonbardaketen hainbat datu eman zituzten hitzartzean.
Azaroaren 5ean, berriz, Lleida bisitatu zuten Gernika Batzordekoek, eta La Baula ateneoan batzordeari buruzko dokumentala ikusi zuten. Berrikuntzarik nabariena izan zen katalanezko azpi titularrekin proiektatu zutela, lehen aldiz.
Beran ere egon dira hilabete honetan, eta Aitor Elexpuru alkateagaz memoriari buruz hausnartu zuten azaroaren 11n, “gai horri buruzko lan handia egiten daudelako herrian bertan”.