Mundakako Udalak lehenengoz antolatu du Gabonetako Postal Lehiaketa
Azaroaren 22ra arte (martitzena) aurkeztu ahalko dira postalak. Udalak postal irabazlearen bidez zorionduko ditu herritarrak Gabonetan.
Mundakako Udalak I. Gabonetako Postal Lehiaketa antolatu du. Udalak postal irabazlearen bidez zorionduko ditu herritarrak Gabonetan. Lehiaketan parte hartzeko baldintza da Mundakan erroldatuta egotea edo Mundakako Eskolan ikastea. Lanak aurkezteko epea azaroaren 22ra arte (martitzena) egongo da zabalik, eta udaletxean edo udal liburutegian aurkeztu beharko dira.
Udalak hiru kategoriatan banatu du lehiaketa: A kategoria (HH4-HH5); B kategoria (LH1-LH3); eta D kategoria (LH4-LH6). Kategoria guztietan izango da irabazle bat; saria euskal produktuetan gastatzeko 50 euroko truke-txartel bat izango da.
Postalak betebeharreko baldintzak. Lanak entregatzeko edozein material erabili ahal izango da. Neurria, berriz, 15×15 cm-koa izan beharko da. Postalak gutun-azal handi batean entregatu beharko dira. Azal horren kanpoaldean parte hartzailearen kategoria idatzi beharko da. Gainera, gutun-azal handiaren barruan gutun-azal txiki bat egon beharko da postalaren egilearen datu hauekin: izen-abizenak, adina, telefono zenbakia eta helbidea.
Epaimahaia udaleko talde politikoetako ordezkari banak, alkateak, euskara teknikariak eta udal langile batek osatuko dute, eta beraiek aukeratuko dituzte kategoria bakoitzeko irabazleak. Originaltasuna eta mezua baloratuko dira, besteak beste.
Sariak abenduaren 2an banatuko dira, Euskaraldiaren eta Euskararen Eguneko ekitaldien barruan. Gainera, abenduaren 1etik 23ra, lanak ikusgai egongo dira udal liburutegian.