Bermeoko Udalak eta Bermeo FTk "irmoki gaitzetsi" dituzte Pentan gertatutako eraso arrazistak
Udalak eta herriko taldeak "babes osoa" erakutsi diete Portugaleteko jokalariariari eta taldeari. Era berean, jarrera desegoki horiek herriko "zaletu eredugarriak irudikatzen ez dituztela" gogoratu dute.
Joan den zapatuan (azaroak12) Gazteen mailako Bermeo Futbol Taldearen eta Club Portugaleteren arteko partiduan izandako eraso arrazistak eta jarrera desegokiak “irmoki gaitzetsi” dituzte Bermeoko Udalak eta Bermeoko Futbol Taldeak.
Azaldu dutenez, aipatu partidan zelaian zegoen talde txiki batek jarrera desegokiak izan zituen partiduan zehar, eraso arrazistak tarteko. Egoera “onartezina” ikusita, Bermeo FTko arduradunek Ertzaintzari deitu eta gaztea zelaitik aterarazi zituzten.
Era berean, erasoak jasan zituen Portugaleteko jokalariari eta taldeari “babes osoa” eskaini diete udalak eta futbol klubak: “Gure babes osoa eskaintzen diogu bai erasoak jaso zituen jokalariari eta baita Club Portugaleteri ere. Irainak jaurti zituzten pertsona hauek ez dituzte herriko zaletu eredugarriak irudikatzen, ezta gutxiago ere. Gure aldetik zaletu guztiei deia luzatzen diegu partidez orain arte bezala gozatzera joateko, elkarrenganako errespetu osoz, kirol ikuskizunaz gozatuz eta herri modura merezi dugun irudia emanez”.
Salatu dute honelako eraso eta jarrerek ez dutela tokirik Bermeon: “Herriaren irudia eta klubarena erabat kaltetzen dute eta ez dira inolaz ere onartuko. Elkarrekin lan egingo dugu aurrerantzean honelako jarrera kondenagarriak berriz ere ez gertatzeko”.