Olharanek eta Basquek beren hautagaitza plazaratu dute
Jean Dominique Olharanek eta Thibault Basquek 15-6 eta 15-5 irabazi diote Thomas Urrutiari eta Aimar Aldazabal berriatuarrari Jai Alai Winter Serieseko A multzoko partiduan. Garaipenak multzo horretako lidertzan ipini ditu Paubekoa eta Bidartekoa.
Jai Alai Winter Serieseko hirugarren jardunaldia jokatu zuten atzo Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Jean Dominique Olharanek eta Thibault Basque gazteak garaipen sendoa poltsikoratu zuten Thomas Urrutiaren eta Aimar Aldazabal berriatuarraren kontra, 1.300 ikusleren aurrean. Paubeko aurrelariak eta Bidarteko atzelariak ez zuten inongo arazorik izan partidua bi setetan irabazteko. Garaipen horregaz, A multzoko lidertzan ipini dira, itxura oso lehiakorra erakutsiz, gainera. Maila handiko multzoa da, bertan baitaude iazko ekitaldiko garaileak, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra; horiez gain, iazko azpitxapeldunak, Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak.
Olharanen eta Basqueren atzoko maila handiari gehitu behar zaio Urrutiak eta Aldazabalek beren ohiko mailatik behera jokatu zutela. Winter Series Pro Am lehiaketa irabazita iritsi dira Baionakoa eta Berriatuakoa Gernika-Lumoko neguko astelehenetako txapelketara, baina atzo ez zuten erakutsi Pro Am-eko mailarik. Urrutiari hasieratik igarri zitzaion ez dagoela guztiz ohituta Jai Alai moduko frontoi handi batean jokatzera, eta Winter Seriesen presioak asko eragin zion; Aldazabalek, bere aldetik, ezin izan zituen beterano beharrak ganoraz bete, Olharanen eta Basqueren erasoaldiak etengabeak baitziren. Bikote gorriak egundoko tanto sorta eskuratu zuen bi setetan: 15-6 eta 15-5 gailendu ziren. 19 tantoko average-a lortu zuten; alde hori erabakigarria izan dakiokete, adibidez, finalaurrekoei begira.
Multzo lehiatua. Hain zuzen ere, atzoko markagailuagaz, Urrutia gazteak eta Aldazabalek ia ezinezkoa izango dute finalerdietara sailkatzea. A multzoko bi postuak, horrenbestez, Olharan-Basque, Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika bikoteen artean jokatuko dituzte. Olharanek eta Basquek partidu oso gogor bi jokatu beharko dituzte iazko irabazleen eta bigarren sailkatuen aurka: abenduaren 26an Barandika eta Lekerikaren aurka neurtuko dira, eta urtarrilaren 16an, ostera, Erkiaga eta Zabalaren kontra. B multzoko hautagai “ezkutuak” Iñaki Osa Goikoetxea eta Nicolas Etxeto baldin baziren, A multzokoak zeintzuk diren atzo argitu zen: Olharan eta Basque onenen arteko borrokan sartzeko asmoz daude.