Azken partiduetako bolada onari jarraipena eman asmoz
Lointek Gernika Bizkaiak Rutronik Keltern Stars alemaniarren aurka jokatuko du bihar, Malosten, EuroCup Women txapelketako laugarren jardunaldiko itzulikoa. Joanekoan irabazi ostean eta azken partiduetan erakutsitako sentsazio positiboekin, garaipena bilatuko dute gernika-lumotarrek.
Bihar Lointek Gernika Bizkaiak Rutronik Stars Keltern talde alemaniarraren kontra jokatuko du, Malosten, EuroCup Women txapelketako laugarren jardunaldiko itzuliko partidua. H multzoan garaipenik eskuratu ez duen talde bakarra da Keltern, eta, beraz, Lointek garaipenaren bila aterako da etxeko kantxan. Movistar Estudiantesen kontra irabaztea gako izan zen Anna Montañanaren jokalarientzat, taldea motibazioz hornitu baizuen.
Asteburuan atzera egin zuten topo talde beragaz, Emakumezkoen Endesa Ligan, eta etxetik kanpo irabaztea lortu zuten. Kelternen kontrakoa, beraz, azken partiduetako sentsazio baikorren konfirmazioa izatea bilatuko dute. Azken norgehiagoketetan Sandra Igerabideren hutsunea igarri dute Gernikakoek, baina, era berean, Itziar Ariztimuño bilbotarrak bikain hartu du Igerabideren ardura, eta itsasargi izan da taldearentzat.
Joaneko partiduan, Alemanian, gernika-lumotarrek asko sufritu zuten garaipena eskuratzeko, eta minutu luzez atzetik ibili ziren markagailuan; emaitzek hori erakutsi ez arren, Keltern aurkari borrokalaria eta deserosoa da. Oshlynn Brown da jokalaririk nabarmenena: joanekoan 28 puntu eta 15 errebote egin zituen, eta uneoro buruhausteak sortu zizkion Gernikaren defentsari. Brownen lidergoaz gain, beste zenbait jokalari azpimarragarri ere badituzte: Alex Kiss-Rusk, Alexandra Wike edota Emakumezkoen Endesa Ligan ibilitako Alinna Hartmann eta Emmanuella Mayonbo. Jokalari horien guztien aurrean, Gernika-Lumoko taldearen aukerak errebotean oinarrituko dira. Gainera, Malosten eta etxekoen berotasunagaz jokatzea alde edukiko dute.