Gernika Futbol Sala, Euskal Kopan iazkoak gainditzeko prest
Gernika Futbol Salak Euskal Kopako lehen kanporaketa jokatuko du bihar, Santanapen, Bilboko Elorrietako taldearen aurka, 20:00etatik aurrera.
Gernika Futbol Salak aurtengo Euskal Kopako lehendabiziko partidua jokatuko du bihar, 20:00etan, Santanapen. Bilboko San Inazioko Elorrietako taldearen kontra. Partidu bakarreko kanporaketa izango da, eta irabazleak hurrengo kanporaketara jauzia egingo du; hori irabazten duenak, ostera, final four izenekora sailkatuko dira. Azken txanpa horretara iristen diren lau taldeek beren artean jokatzen dute Euskal Kopa. Gernika Futbol Sala fase horretara ailegatu zen iaz, eta aurten “errepikatzeko asmoz” daudela adierazi dute taldetik. Ligan, Hirugarren Mailan, sailkapeneko hirugarren postuan daude, bigarrenagaz berdinduta; hortaz, momentu “oso onean” iritsiko dira Euskal Kopako partidura, min hartutako jokalari pare bat duten arren.
Elorrietako taldea “oso ondo” ezagutzen dute Gernika-Lumoko taldekoek. Azkenengo lau urteetan ez dute galdu partidurik beraien aurka, baina, halere, “edozer gerta daiteke”, kanporaketa partidu bakarrekoa izanda. Gainera, azaldu dute Elorrietakok bere lantaldea berriztu egin duela, eta horrek “zaildu” egiten duela egungo taldea ezagutzea. Gernika Futbol Salak “inoizkorik sendoen” abiatu du aurtengo denboraldia: jokatu dituzten zortzi jardunaldietako bost irabazi dituzte, bakarra berdindu eta bi galdu. Elorrietako, aldiz, sailkapeneko hamabigarrena dira, hiru partidu irabazita eta bost galduta. Hori dela eta, teorikoki hautagaiak dira bilbotarren aurkakorako. Hurrengo kanporaketako data zehatzik ezmdute oraindik, baina urtarrila eta otsaila artean izatea aurreikusten dute. Bigarren zita hori gaindituz gero igaroko lirateke final four-era.
Talde gernika-lumotarraren jomuga “iazkoak hobetzea” da, azaldu dutenez: “Iaz frogatu genuen lau onenen artean egoteko gai garela, eta gutxienez horraino iristea gustatuko litzaiguke; hortik aurrera, finalera sailkatzea edota txapelketa bera irabaztea ederra litzateke”. Horretarako, ikusleen berotasuna lagun izango dute. Taldekideak “pozarren” daude ikusleek ematen dieten babesagaz, eta “guztiz beharrezkoa” dutela diote: “Gainera, partiduak aste bitartean jokatzen ditugunean, are jende gehiago etortzen da gu animatzera”.