Markina-Xemein nagusi, zesta-puntako Bizkaiko kluben arteko txapelketan
Barikuan jokatu ziren maila desberdinetako finalak Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian.
Markina-Xemeingoa eta Berriatukoa izan dira zesta-puntako Bizkaiko bi talderik onenak, eta onenen artean onenak markina-xemeindarrak izan dira. Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian jokatutako lau txapeletatik hiru irabazi zituzten, aukera zituzten hirurak, hain zuzen ere.
Emakumezkoetan, Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalek osatutako bikote berriatuarrak ezin izan zuten ezer ez egin Erika Mugartegi eta Arai Lejardiren aurka: 19-30 irabazi zuten. Markina-xemeindarrak nagusi izan ziren kantxan lehen tantoetatik, Mugartegik min handia egin zuen jokoan sartu zen bakoitzean eta Lejardi beti bezain seguru jokatu zuen.
Gizonezkoetan, haur mailako partida, askoz estuagoa izan zen. Bi bikote berrituar zeuden aurrez aurre, ondo baino hobeto ezagutzen zuten elkar eta hori markagailuan eta jokoan asko nabaritu zen. Hasiera batean, Orkatz Uribesalgo eta Aratz Goikoetxea ziren faborito, ligaxkan partidarik galdu gabe iritsi zirelako finalera. Gernika-Lumon, berriz, Denis Alberdik eta Xabier Galdosek jantzi zuten txapela 27-30 gailenduz.
Nagusien bigarren mailako finala, guztiz kontrakoa izan zen, Markina-Xemeingo klubeko bi bikote heldu ziren finalera, baina ez zen hainbesteko berdintasunik egon. Martin Ormaetxeak eta Danel Mandiolak 30-16 hartu zituzten mendean Javier Urrutia eta Jon Mandiola. Lehen bikoteak maila handia erakutsi zuen, eta bigarrenek ez zuten haien egunik onena izan.
Profesionalen artean ezustekoa egon zen. Hasteko, Roberto Lekueren lesioagatik Aimar Aldazabalek hartu zuen tokia Antxon Alberdigaz bikotea osatuz. Berriatuarrak ziren txapela irabazteko hautagai nagusiak, garaipenekin zenbatzen baitzituzten barikura arte jokatutako partida denak. Finalean berriz, Alex Goitiak eta Ion Ibarluzeak maila handia eman zuten eta merezimendu osoz jantzi zuten txapela. Aldazabal bere mailatik urrun egon zen, eta Alberdik asko nabaritu zuen, bere atzelaria dominatu ezinik, ezin izan zen jokoan hainbeste sartu. Bereziki fin ibili zena, Goitia izan zen, oso ondo eta serio jokatu zuen, ohi baino huts gutxiago eginez, Ibarluzearen sendotasunak ere asko eman zion bikote markina-xemeindarrari. Azkenean 30-25 irabazi zuten.
Markina-Xemeingo zesta eskolatik “oso pozik” agertu dira lortutako emaitzekin, finala jokatu zuten hiru kategorietan txapela lortu zuten: “Poztasun handia ematen du eguneroko lan gogorrak fruituak ematen dituela ikusteak”.