Merkataritza asteak "sektorea aitortzea eta lankidetza sustatzea" bilatuko du
Azaroaren 22tik 24ra merkataritza sektoreko enpresei zuzendutako lau ikastaro emango dituzte. Herriko merkataritza "goraipatzeko" eta herrian bertan erostea eta kontsumitzea bultzatzekoa asmoagaz antolatu dute merkataritza astea.
Bigarren urtez jarraian egingo dute Nik Gernikan Merkataritza Astea Gernika-Lumon, azaroaren 22tik 24ra bitartean. Egun horietan, sukaldaritza ikastaroak, kafe tertuliak, merkatarientzako trebakuntza saioak eta Nik Gernikan Sarien banaketak hartuko dute udalerria.
Iñigo Magunagoikoetxea Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak esan modura, herrian “pisu handiko” eta “maila oneko” sektorea da merkataritzarena, eta hori “goraipatzeko” eta herrian bertan erostea eta kontsumitzea bultzatzekoa asmoagaz antolatu dute merkataritza astea.
Borja Escalona udaleko merkatari teknikariak gogoratu duenez, 2018an udalerrian egindako PERCO azterlanaren ondorioetako bat izan zen sektore aitorpena eta lankidetza sustatzeko ekintzen beharra zegoela. Ondorio hori bat zetorren udaleko Garapen Ekonomikoko Arloaren jarduera ildoagaz: “Lehentasunezkotzat jotzen zen udalerriko merkataritza sektorearen aintzatespena lortzea, ez bakarrik bere garrantzia ekonomikoagatik, baita hiriko gizarte eta hiri bizitzan duen eragin positibo handiagatik ere”.
Lan horren ondorioz, hainbat komunikazio kanpaina bultzatu dituzte, Nik Gernikan lelopean, tartean Gernika-Lumoko merkataritza sektorearen aintzatespena bultzatzea helburu duten Nik Gernikan Sariak.
Jarduerak.
Aurten, baina, merkataritza astea berriro antolatzea erabaki dute, eta sektore osoari zuzendutako jarduerak antolatu dituzte horretarako. “Hiri merkataritza osatzen duten guztiei zuzendutako jarduerak antolatu ditugu, bai saleroste negozioei zuzendutakoak, bai zerbitzu pretsonaletako enpresei zuzendutakoak, bai ile apaindegi eta ostalariei zuzendutakoak”, azaldu du teknikariak.
Azaroaren 22an egingo duten sukaldaritza ikastaroa izango da lehenengo ekimena. Aingeru Etxebarriak zuzenduko du pintxoak eta errazioak egiteko ikastaroa, eta bi saio eskainiko ditu, bata goizean eta bestea arratsaldean, Plazakoan.
14:00etan, berriz, kafe tertulia egingo dute Elai Alai areto txikian, eta tokiko merkaaritzaren arazoei buruz hausnartzea izango da bilatuko dutena. Hiri merkataritzan aditua den Celestino Martinezek zuzenduko du saioa, eta merkatari zein ostalariei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Azaroaren 23an eta 24an, berriz, 14:00etatik 15:00etara bitartean, Salmentan trebatzen ikastaroa eskainiko dute Elai Alai txikian. Iurgi Etxebarriak gidatuko du ikastaroa, ahozko eta hitzik gabeko komunikazioan aditua denak.
Eta, merkataritza asteagaz amaitzeko, Nik Gernikan Sarien banaketa egingo dute azaroaren 24an Lizeo Antzokian; 20.00etan izango da sari banaketa. Bertan, aurten saritu dituzten establezimenduek aitortza jasoko dute.
Gaineratu dute, asmoa dela merkataritza astea urtero errepikatzea.