Ezustekoa Urbietan: Gernika SDk Leganes Errege Kopatik kanporatu du
Gernika SDk Leganes Errege Kopatik kaleratu du, Urbietan, penaltietan gailendu ondoren. Abenduaren 21ean jokatuko du hurrengo partidua, hori ere etxean. Lehen Mailako talde bat edukiko dute aurkari; eguaztenean jakingo dute zein, orduan egingo baitute zozketa.
Gernika SDk ezustekoa eman zuen zapatuan Urbietan, etxeko ikusleen aurrean: Leganes, Bigarren Mailako taldea, Errege Kopatik kanporatu zuen penaltietan. Gernikako-Lumoko futbol taldeak iazko denboraldiko merezimenduengatik eskuratu zuen aurtengo Errege Kopa jokatzeko txartela, eta, taldeko kapitain Koldo Berasaluzek adierazi legez, “oparia bailitzan” planteatu zuten zapatuko partidua: galtzeko ez barik eta irabazteko askogaz.
Tentsioz beteriko 90 minuturen ondoren, Aitor Larrazabalen eta Gorka Iraizozen mutilek hutseko markagailuari eustea lortu zuten, eta luzapenera joan ziren. Dena dela, Leganesek luzapen denboran ere ez zuen lortu Gernika SDren atea konkistatzea, eta, azkenean, penaltietan erabaki zen norgehiagoka. Azken txanpa horretan, Gernikakoek sei penaltiak sareratu zituzten, eta Leganeseko Naim Garciaren jaurtiketa, ostera, Jon Altamira Gernikako atezainak gelditu zuen. Izan ere, Altamira gernika-lumotarrak egundoko geldiketa egin zion hark jaurtitako baloiari, eta horrek Gernikako txapelketan aurrera egitea ahalbidetu zuen horrek.
Berasaluze kapitainak aurreratutakoari jarraituz, Leganesi asko kostatu zitzaion Urbietan gura zuen jokoa egitea. “Tankera horretako talde handiei, oso gaitza suertatzen zaie Urbieta moduko zelaiguneetan jokatzea: Ohituta daudena baino txikiagoak dira, eta belar artifiziala dute. Horrelako guneetan normalean jokatzen duen taldeak, atzean defentsa lerro gogorra antolatuz gero, aurpegia erakutsi diezaiokete talde sendoagoei”, azaldu du Altamirak.
Atezainak, zapatuko izar nagusiak, nabarmendu du Errege Kopako garaipena “momenturik beharrezkoenean” iritsi zaiela: “Ligako azken partiduak ez dira batere onak izan guretzat; hain zuzen, etxean jokaturiko azkenengoan, negargarri aritu ginen. Beraz, garaipen hau motibazio iturria da taldekide denentzat”. Era berean, atezainak beren atea hutsean mantentzeak zer suposatzen dien argitu du: “Aurten, ligako hamar jardunaldietan, ez dugu lortu gure atea hutsean uzterik; horregatik, gu baino indartsuagoa den talde baten kontra hori lortzea pozgarria da, lantaldea sasoi onean dagoela frogatzen baitu”. Gernika SDn hainbat jokalari gazte dauden arren, Altamirak aitortu du bera lako beteranoentzat Errege Kopa izan daitekeela “aurkari handien kontra jokatzeko azken aukera“.
Gernika SDk abenduaren 21ean [eguaztena] jokatuko du Errege Kopako hurrengo partidua, Urbietan. Leganesen kontrakoa bezalaxe, hurengo kanporaketa ere partidu bakarrera jokatuko dute. Oraindik ez dakite beren aurkaria zein izango den, baina gauza bakarra seguru dute: Lehen Mailako taldea izango da. Etzi egingo dute zozketa. Superkopako taldeez gain (Bartzelona, Real Madril, Valentzia eta Betis), maila horretako beste edozein talde izan daiteke arerioa.
Ikusleen itzulera. Asko izan ziren zapatuko partidua ikustera eta herriko taldeari berotasuna ematera bertaratu ziren ikusleak. Altamirak hori “pozgarria eta beharrezkoa” dela adierazi du: “Duela pare bat urtetatik, Gernika SDren jarraitzaile kopuruak behera egin izan du, batez ere, taldeko gernika-lumotar kopurua lehen baino txikiagoa zelako. Herriko hamar jokalari ingurutik hirura jaitsi da kopuru hori. Dena dela, zapatuan ikusleek bat egin zuten taldeagaz, eta beren babesa beharrezkoa izan zen geuretzat; datozen partiduei begira, herriagaz dugun konexio hori sendotzen jarraitu gura dugu”.
Errege Kopako lorpenak burutik kendu ezina, Altamirak argi eta garbi du taldearen erronka zein den: ligako egoera iraultzea. Gernika SD sailkapeneko beheko postuetan dago, baina erdialdeko taldeekiko aldea lau puntu ingurukoa da. Azaroa eta abendua “gako” izango dira, atezainaren ahotan: “Geure aukerei eusteko, derrigorrezkoa izango da pixkanaka-pixkanaka puntuak lortzen joatea, beranduegi izan ez dadin; jardunaldi batetik bestera, egoera alda daiteke, baina horretarako emaitza onak lortzen hasi behar gara”. Ligako hurrengo erronka domekan edukiko dute, etxetik kanpo, CD Alfaro talde errioxarraren aurka.