Gandiaga anaientzat Ajuriako I. Pilota Goxua Txapelketa
Gandiaga anaiek irabazi dute Ajuriako I. Pilota Goxua Txapelketa, Xabat eta Xabier garaitu ondoren. Harrera ondo eduki du lehiaketaren estreinako aldiak, eta jende ugari elkartu da finalak ikusteko.
Lekeitioko Gandiaga anaiak dira Ajuriako I. Pilota Goxua Txapelketako garaileak. Atzo jokatu zituzten urriaren 8an hasitako esku pilota lehiaketako finala, eta 3. nahiz 4. postuak erabakitzeko partiduak ere bai. Gandiagatarrek Xabat eta Xabier menpean hartu zituzten, ordu eta erdiko lehia gogorraren ondoren. Jokaldiz jokaldi borroka estua eduki ondoren, lekeitiarrak 22-20ko markagailuagaz gailendu ziren.
Finala orduko, 13:00etan, 3. eta 4. postuak zehazteko partidua jokatu zuten. Partidu horretan, harrezkero, jende ugari bildu zen Ajuriako pilotalekuan, eta giro aparte nabarmendu zen, dantza saioagaz eta txistu eta danbolin soinuagaz. Lehendabiziko partidu horretan aldaketak egon ziren: Artxok ez zuen jokatzerik izan, lesio bat tarteko; bere ordez, Urkijo aritu zen frontoian. Horrenbestez, Mugika eta Atxur Latxindoren eta Urkijoren kontra lehiatu ziren. Mugika eta Atxur nagusi agertu ziren partiduaren lehenengo zatian, baina Latxiondok eta Urkijok egoera iraultzea lortu zuten eta, markagailuari buelta emanda, 15-22 irabazi zuten 3. posturako lehia.
Balorazio bikaina. Txapelketako antolatzaileak “oso pozarren” agertu dira, herritarrek emandako babesagatik eta egin dioten jarraipenagatik. Finalak urriaren 31n egitekoak ziren eta dataz aldatu behar izan zituzten, baina jendeak ez zuen hutsik egin: eguerdi aldean, ikuslez lepo agertu zen Ajuriako frontoi ingurua. Era berean, eskerrak eman gura izan dizkiote babesleei: Muxikako Udalari, Galtzada tabernari eta Sestao serigrafia dendari.