Suteen aurrean jarduteko moduari buruzko oinarrizko prestakuntza jasotzen ari dira 350 ikasle
Gurutze Gorriaren eskutik, gainera, lehen sorospenei buruzko prestakuntza jasotzen dabiltza, besteak beste, bihotz-biriketako bizkortzea ari dira praktikatzen.
Tarte batean, ikastetxeetatik atera dira gaur Bermeoko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleak. Goiko Plazara bertaratu eta suteen aurrean jarduteko moduari eta lehen sorospenei buruzko oinarrizko ezagutzak eta prestakuntza ari dira jasotzen.
Sagrado Corazon Ikastetxeko, Eleizalde Ikastolako eta San Frantzisko Herri Ikastetxeko 350 ikasle inguru igaroko dira gaur Goiko Plazatik, ikastetxeka eta taldeka hurbiltzen ari baitira. Goizean goiz hasi dira lehenengoak eta arratsaldera arte luzatuko da.
Azaldu dutenez, bigarrenez egiten duten ekimena da, 2019an egin zuten lehenengoz. Bermeoko Udalak, Mapfre Fundazioak eta Suhiltzaileen Teknikarien Elkarte Profesional (APTB) antolatu dute ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileekin eta Bermeoko Gurutze Gorriarekin lankidetzan. Helburua da parte hartzaileek larrialdi egoera baten aurrean zelan erantzun behar duten ikastea.
Bermeoko alkateak gogorarazi duenez, azken hamarkadan hainbat sute gertatu dira Bermeon, suteekin “zoritxarreko esperientzia” daukatela gaineratuz. Herritarren oroimenean “oso presente” dago, eta udala gai horregaz “oso sentsibilizatuta” dagoela esan du alkateak: “Herritarrak kontzientziatzeko, informatzeko eta laguntzeko estrategia bat dago zehaztuta, eta urtean zehar hainbat proiekturen bitartez ari da garatzen. Gaurkoa horren parte da”.
Taldeka banatuta ari dira ikasleak prestakuntza jasotzen. Suhiltzaileek, esaterako, gela mugikorra ekarri dute Bermeoko Goiko Plazara, eta “aholku garrantzitsuak” ematen dizkiete ikasleei. “Batetik, esaten diegu zer egin behar duten sute bat saihesteko. Bestetik, zoritxarrez, sute batean baldin badaude, zer egin behar duten, eta zer den egin behar ez dutena esaten diegu. Oinarrizko informazioa da, baina oso garrantzitsua da zelan jardun behar duten jakitea”, esan du Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileen Zerbitzuko prebentzio ataleko buru Patxi Berreteagak.
Bermeoko Gurutze Gorrikoek, berriz, panpinak ekarri dituzte. “Konorterik ez duen edo arnasik hartzen ez duen pertsona baten aurrean zer egin behar duten esaten diegu eta praktikatu egiten dute. Nora deitu behar duten jakin behar dute, zer egin, zer esan, zein den jarraitu behar duten protokoloa… Oso erraza da, baina protokolo guztia jakin behar dute. Gainera, bihotz-biriketako bizkortzea zelan egiten den ikusi ahalko dute, garrantzitsua delako zelan funtzionatzen duen ikastea”, azaldu du Bermeoko Gurutze Gorriko ordezkari Ainhoa Munitizek.
Azkenik, ikasleak Mapfre Fundazioaren eta APTBren hezkuntza karpan ari dira sartzen. Karparen helburua da, herritar guztien eta, batez ere, umeen artean auto babesari buruzko ezagutzak zabaltzea. Horrez gain, parte hartzaileek etxean eta beste inguru batzuetan sutea gertatuz gero, ebakuazioari buruzko arauak ezagutzeko prestakuntza jasotzen dute.