Logo berri bila dabil Gaztedi Busturialdea
Gaztedi Busturialdea proiektuan parte hartzen duten hamazortzi udalerrietako 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete logoa aukeratzeko antolatu duten lehiaketan; proposamenak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a izango da.

Gaztedi Busturialdea proiektuaren irudi berria izango dena bila dabiltza, eta horretarako lehiaketa antolatu dute. Gaztedi Busturialdea proiektuan parte hartzen duten hamazortzi udalerrietako 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete lehiaketan. Azaldu dutenez, irudiak Gaztedi Busturialdearen izaera islatu beharko du, eta edozein euskarritan egiten dituzten ekintzetan identifikatzeko eta zabaltzeko erabiliko dute.
Parte hartzaileek gura beste lan aurkeztu dizakete; norberak sortutakoak izan beharko dira, eta inoiz saritu bakoak. Lanak euskarri digitalean aurkeztu beharko dituzte, eta proposamenak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a (barikua) izango da. Parte hartzaileek Busturialdeko Gazteria Zerbitzuetan (Bermeoko GIZ, Gernika-Lumoko GIB edo Urremendi Landa Garapen Elkartea) aurkeztu beharko dituzte lanak. Logoarekin batera, egilearen identifikazio datuak aurkeztu beharko dira (Nortasun Agiriaren fotokopia, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta gura izanez gero, logoari buruzko azalpen laburra). Epaimahaiak abenduaren 15ean egingo duten ekitaldi publikoan jakinaraziko du zein izango den Gaztedi Busturialdearen logo berria.
Lehiaketara aurkeztutako lanek zenbait ezaugarri izan beharko dituzte: erreproduzitzeko eta hainbat formatutan aplikatzeko erraza izan behar da; argia eta edozein tamainatan irakurtzeko modukoa izan behar da; formatu bektorialean, .jpg formatuan (kalitate handia eta baxua), .png hondo gardenagaz eta erresoluzio handiko PDF formatuan aurkeztu beharko dira.
Kolorea eta teknika libreak izango direla aipatu dute, testuan, hala ere, Gaztedi Busturialdea agertu beharko da ezinbestean.
Irabazleak 500 euroko saria jasoko du.