Txerrikirik eta azokarik ez da faltako San Martin jaiak ospatzeko
Hiru eguneko egitaraua antolatu du Foruko Udalak. San Martin Azoka eta odoloste txapelketa egingo dira Bermeon
Udazkenean sanmartinak tradizioz beteta heltzen dira herri askotara, eta aurten ere hala iritsiko dira Bermeora eta Forura. Herri bakoitzak, bere ohiturak mantenduko ditu, eta ez da txerriki eta azokarik faltako.
Foruan, herriko zaindaria dute San Martin, eta bihar hasita, hiru eguneko egitaraua prestatu dute herritarren gozamenerako. Egunotan txapelketa ugari edukiko dituzte herrian: Igel, briska, mus eta tute txapelketetan parte hartzeko aukera edukiko dute.
Zapatuan, berriz, Piratak Herri Kirol Taldearen erakustaldiaz gain, bertso afarian batuko dira izena eman duten herritarrak.
Domeka izango da egun handia. 20. Nekazal Azokak ortuariak, artisauak eta beste hainbat produkturen erakusketa, salmenta eta dastaketa ekarriko du udalerrira. Hamazortzi postu egongo dira, eta horietatik hamar eskualdekoak izango dira. Hala, txakolina, gazta, esnekiak, barazkiak, eztia, keramika, ogia… egongo dira aukeran. Taloa eta txorizoa eskainiko duen postu bat ere egongo da. Urdaibai Dantza Taldeko dantzari txikien erakustaldia ere egongo da domekan.
Giro ona espero dutela esan du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak: «Eguraldi ona iragarrita dago, eta asko laguntzen du horrek, hala ere, karpa ere egongo da». Aurten, baina, karpa futbol zelaian jarri barik, udaletxe ondoko aparkalekuan jarriko dute.
Harategien lehia. Bermeon ere, domekan egingo da Andeko Tabernak antolatzen duen eta Bermeoko Udalak babesten duen 19. San Martin Azoka. 10:00etan irekiko ditu ateak azokak, eta 15:30era arte, baserri giroan murgilduko dira herritarrak. Txerrikia nagusi izango bada ere, horregaz batera euskal pastela, gazta, eztia, txakolina, patea eta loreak ikusi, dastatu edota erosteko aukera egongo da, 24 postu ingurutan.
Azokagaz batera, Bermeon ohikoa den odoloste txapelketa ere egingo dute. Aurtengoa harategien lehia ekarriko duen txapelketaren 19. ekitaldia izango da. Herri desberdinetatik etorritako 25 harategi inguruk parte hartuko dutela zehaztu dute.
EGITARAUA
BERMEO
Azaroak 13, domeka.
– 10.00-15:30. San Martin Azoka, Lameran.
– 13:00. Bermeoko Udalaren
19. Odoloste Txapelketako
sari banaketa ekitaldia,
Andeko taberna aurrean.
FORUA
Bihar, San Martin Eguna.
– 12:00. Meza Nagusia, San Martin de Tours elizan.
– 13:00. Igel txapelketa.
– 18:00. 33. Briska txapelketa Batzokian (aurretiaz izena eman behar da)
Etzi, azaroak 12.
– 12:30. Piratak Herri Kirol Taldea.
– 18:00. 36. Mus txapelketa, Batzokian (aurretiaz izena eman behar da).
– 21:30. Bertso Afaria, aretoan. Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Ander Elortegi bertsolariek parte hartuko dute.
Azaroak 13, domeka.
– 11:00etatik aurrera. Foruko nekazaritza eta eskulangintza azoka.
– 12:30. Meza Nagusia.
– 13:30. Urdaibai dantza taldearen erakustaldia.
– 18:00. 33. Tute txapelketa, Batzokian (aurretiaz izena eman behar da).