Sarrionandiak 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua aurkeztuko du Bermeon
Datorren martitzenerako antolatu du aurkezpena Sortuk; 19:00etan izango da Gizarte eta Kultura Etxean.
Joseba Sarrionandia Bermeon egongo da datorren martitzenan (azaroak 15). Bermeoko Sortuk antolatuta, Munduari bira eman zion ontzia liburua aurkeztuko du bermeotarren aurrean, 19:00etan hasita, Gizarte eta Kultura Etxean.
10 urtetik gorako irakurleentzako ipuina da Munduari bira eman zion ontzia. Historia irakasle batek bilobarekin Juan Sebastian Elkanoren bidaiaz izandako elkarrizketa luzea jasotzen du lanak. Izan ere, gazteek Euskal Herriko historiari buruzko gogoetak irakurtzea gura izan du Sarrionandiak, euskaraz, Elkanoren mundu bira abiapuntu hartuta.
Aristides Hernandez Ares marrazkilari kubatarrak 41 irudi egin ditu libururako, eta Pamiela argitaletxeak kaleratu du. Liburuak irakurketa bat baino gehiago izatea nahi zuten, horregatik, irudiek elkarrizketak ilustratzen dituzte zuzenean batzuetan, eta narrazioaz kanpoko gauzak erakusten dituzte besteetan.
Galegora, gaztelaniara eta katalanera itzuliko dute Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.