Euskaraldian izena emateko laguntza jasoko dute busturiarrek
Sarean ondo moldatzen ez diren herritarrei laguntzeko mahaiak jarriko ditu Busturiko Udalak, bihar eta domekan. ahobizi eta belarriprest txapak hartzeko aukera ere egongo da.
Busturiko Udalak herritarrak Euskaraldian parte hartzea gura du. Badakite, baina, herritar batzuek ez direla ondo moldatzen sarean, eta horiei guztiei Euskaraldian izena ematen laguntzeko mahaiak jarriko dituztela azaldu dute.
Bihar izango dute lehenengo aukera; Altamira auzoan jarriko dute mahaia 18:30etik aurrera. Domekan, berriz, 13:30etik aurrera egin ahalko da Altamiran ere. Izena emateaz gain, herritarrek bertan jaso ahalko dituzte ahobizi eta belarriprest txapak. Gainera, Euskaraldiari babesa emateko argazkiak ateratzeko aukera ere egongo dela aipatu dute.
Izena eman duten horiek, Altamirako kultur etxean edo udaletxean jaso ahal dituzte txapak honako ordutegian: Udaletxean, 08:00etatik 15:00etara (barikuetan, 14:00ak arte) eta kultur etxean, 09:30etik 11:30era eta 16:00etatik 20:30era.
Busturiko Udala zein busturiarrak euskaragaz konprometituta daudela esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagal: “Gure hizkuntza, komunikatzeko modua eta gure aberastasun kulturaletako bat da. Euskaraldia zentzu guztietan babesten dugun ekimena da, egunerokoan euskararen erabilera hobetzea bilatzen duelako, eta modu inklusibo eta dibertigarrian egiten duelako. Busturiko Udalak ekimenean parte hartzen du eta pertsona guztiak animatzen ditugu parte hartzer. Hala, denon artean hain gurea den euskara bultzatzen lagunduko dugu”.