Etorkinek erabilgarri dute euskarazko eskuzko hiztegia
Alkarbide Bilguneak kaleratu du, eta Gernika-Lumon eta Lekeition eskuratu daitezke. 10 hizkuntzatan prestatu dituzte hiztegiak.
Atzerritarrek erabilgarri dute euskarazko eskuko hiztegia. Bizkaiko hamabi udalerritan daude hiztegiak eskuragarri, baita Gernika-Lumon eta Lekeition ere. Euskarri horren bidez, euskara atzerritarrei gerturatzea du helburu Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak, eta hiztegiaren edizio berria kaleratzea erabaki du zeregin horretarako.
Eguneroko bizimoduan lagungarriak izan daitezkeen oinarrizko hitz eta esaldiak jasotzen dira hiztegi txikian, eta bilaketa erraztearren, gaika antolatuta daude: agurrak, denbora, noorabideak, ohiko hitzak, garraioak, pertsonak, jatekoak eta edatekoak, egunak, zenbakiak, etxea, lekuak, dirua, sorlekuak eta komunikazio euskarriak.
12 udalerri eta hamar hizkuntza.
Guztira Bizkaiko hamabi udalerrik parte hartu dute egitasmoan, eta, herri bakoitzeko etorkinen jatorria zein den kontuan hartuta, bakoitzak erabaki du zein hizkuntza jaso nahi duen hiztegietan. Ondorioz, guztia, hamar hizkuntzatan prestatu dira hiztegiok: gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, arabiera, txinatarra, errumaniera eta wolofa. Euskarazko berba eta esaldiei dagokienez, batuaz edo bizkaieraz jaso dituzte, tokian tokiko aldaerak kontutan hartuta.
Guztira, 5.600 ale argitaratu dira udal desberdinetan banatzeko, tartean Gernika-Lumon. “Euskarak ez du inor arrotz, eta hemen denok gara etorkin: batzuk, duela hamar mende heldu ginen, beste batzuk, orain dela bi minutu, eta, beste asko, bidean datoz. Ondo etorri denok”, adierazi dute udaleko euskara zerbitzuko arduradunek.
Kanpaina honetan parte hartu duten udalerriak hurrengo hauek dira: Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Berango, Berriz, Elorrio, Ermua, Etxebarri, Gernika-Lumo, Leioa, Lekeitio, Ortuella eta Zaldibar.