Erroxapek Gasteizera joateko irteera antolatu du
Azaroaren 23an egingo dute irteera, hala ere, joan gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, eta azaroaren 17a da horretarako azken eguna.
Martxan dira Erroxape Bermeoko Emakumeen Elkartekoak, eta azaroaren 23rako (eguaztena) pandemia osteko lehenengo irteera antolatu dute. Gasteizera joango dira, eta goiz zein atsalderako bisitak dauzkate prestatuta.
08:00etan jarri dute irteera ordua, autobusez joango baitira. Elkarrekin gosalduko dute Gasteizera heltzerakoan, eta ondoren, Sensomedicalen hitzaldi batean parte hartuko dute. Horren ostean eta bazkaldu aurretik, denbora librea izango dute Gasteiz bisitatzeko. Arratsaldean, bazkaldu ostean, Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegira bisita egingo dute; Gaztandegian egiten duten lana ezagutu eta Idiazabal gazta zelan egiten duten ikusi ahalko dute bertan, eta gaztak dastatzeko aukera ere edukiko dutela azaldu dute.
Gaztandegiko bisitaren ostean, etxerako buelta hartuko dute. Irteeran parte hartu gura dutenek, aldez aurretik izena eman beharko dute Erroxapek Erretenen duen egoitzan edo 688 86 27 91 telefono zenbakian. Izena emateko azken eguna azaroaren 17a (eguena) izango da.