Emakume kolonbiarren eskubideak defendatzen segitzeko aldarria
Norma Vera Kolonbiako giza eskubideen defendatzaileak Karibeko nesken kontrako kriminalitatea aztertu du, eta emakumeen eskubideen aldeko justizia aldarrikatu du.
Kolonbiako Karibe eskualdeko biktimen ordezkaria eta giza eskubideen defendatzailea den Norma Vera Salazarrek Gernika-Lumo bisitatu du gaur, eta Jose Mari Gorroño alkateak egin dio harrera. Kolonbiako Karibeko biktimen prozesuei buruz aritu da giza eskubideen defendatzailea, eta Magdalenako eta Kolonbiako Karibeko giza eskubideen egungo egoera zein den azaldu die alkateari eta Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitiori, emakumeen egoeran arreta jarriz.
Hirietako emakumeen kontrako kriminalitatean sakondu du Verak, eta bera da Hernan Giraldo Serna Kolonbiako narkotrafikatzaile paramilitar ohiaren krimenen salatzaile nagusia. Izan ere, ikerketa sistematikoari esker, buruzagi paramilitarrak 14 urtetik beherako 201 neska gazte bortxatu zituela salatu zuen giza eskubideen defendatzaileak.
Prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu gaur, eta salatu du Santa Martako Sierra Nevadako indarkeriak “armak eta granadak” erabiltzeaz gain, “emakumeen, neskatoen eta nerabeen esplorazio sexuala eta psikologikoa” ere erabili zituela arma modura. Hain zuzen ere, Sexu indarkeria gerra arma gisa, Hernán Giraldoren agindupean ikerketa garatu du.
“Kolonbiako hegoaldean erakunde paramilitarrak finkatu ziren matxinatuen aurkako diskurtsoarekin, eta 30 urtez lurraldearen erabateko kontrola izan dute. Nik egindakoa ikerketa kasu bakarra da munduan, horiek ez zirelako bortxaketa oportunistak izan; gatazkaren parte izan ziren banakako bortxaketak izan ziren, egitura paramilitar baten komantanteak egindakoak”, azaldu du.
Gaineratu du, haurdun utzi zituela ehun bat emankume, 200 seme alaba baino gehiago edukiz, eta hori erabaki estrategiko bat izan zela: “Leinuren bidez lurraldearen kontrola mantentzea zuen helburu, eta, horretarako, emakumearen gorputza gerra arma gisa erabili zuen”.
Justizia Kolonbian
Talde horiek ez direla ideologikoak azaldu du, erakunde kriminalak direla esanez, eta narkotrafikoaren kontrola helburu dutela argituz. “Eremu hori oso estrategikoa da, 23 portu natural baititu Karibeko itsasoaren ertzean, eta han oso erraza da droga kontrabandoa. Kolonbian, Santa Marta eta Buenaventurako portuak dira droga gehien mugitzen dutenak, eta azken 4 urteetan bikoiztu egin da Kolonbiatik Estatu Batuetara doan droga kantitatea. Horrek erakunde kriminalen botere ekonomikoa handitzea eragin du”. azaldu du.
Sernak 33 neska bortxatu izana onartu zuela kontatu du Verak, baina Kolonbiako Justizia eta Bakearen ereduaren “ahuleziez” ere aritu da. Izan ere, salatu du Kolonbiako justiziak ez dutela testuinguruaren analisirik egiten; hau da, paramilitarrek kontatzen dutena da egia, eta inoiz ez dira salaketak biktimen ikuspuntutik ikertzen. “Inoiz ez zen egiaztatu esandakoa egia zen edo bortxaketa gehiago egin ote zituen”. Azaldu duenaren arabera, Serna zortzi urtez estraditatu zuten, bake-prozesuaren esparruan, narkotrafikoaren delituagatik, baina herrialdera itzuli zenean, “oso zaila” zela harek aldez aurretik egindako delituak aurkitzea esan du. “Hala ere, bost neska bortxatu zituela frogatu genuen. Hori da frogatu ahal izan dugun krimen bakarra”.
Gaur gaurkoz, bere ondorengoak dira inguru horretan agintzen jarraitzen dutenak. “Sexu-indarkeriaren biktimentzat inolako bermerik ez dago”.
Bost krimen horiek onartuak izateak “biktimen erreparazio ekonomikorako administrazio-prozesua ireki” duela adierazi du giza eskubideen defendatzaileak. “Ez da justizia osoa bermatuko, baina inoiz aintzat hartu ez diren biktimekiko aitorpen ekonomiko eta psikologikorako bidea zabaldu da”.
Hala ere, emakumeen eskubideen aldeko justizia “justu eta osoa” aldarrikatu ditu.