50 suhiltzaile berri sartu dira Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan
48 gizonezkok eta bi emakumek osatzen dute promozioa, eta Arratzu, Urioste, Basauri, Artatza, Iurreta, Zalla, Markina-Xemein eta Derioko parkeetan sartuko dira.
50 suhiltzaile berri sartu dira Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan, eta denek dute esperientzia lanpostuan. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak ondoetorria eman diete Arratzuko suhiltzaileen parkean.
48 gizonezkok eta bi emakumek osatzen dute promozioa, eta Arratzu, Urioste, Basauri, Artatza, Iurreta, Zalla, Markina-Xemein eta Derioko parkeetan sartuko dira. Gaur gaurkoz, 436 porfesional eta zortzi suhiltzaile parke profesional ditu aldundiak, eskualde guztietan banatuta.
2020ko uztailean enplegu eskaintza publikorako oposizioaren deialdia egin zuen aldundiak, 50 suhiltzaile berri sartzeko, eta 993 pertsonak egin zuten azterketa. Hautaketa prozesu luzea gainditu behar izan dute –azterketa teorikoa, proba fisikoak, proba psikoteknikoak, ezagutza espezifikoen azterketa eta hizkuntza eskakizunaren egiaztapena–, baita zerbitzuan hasi baino lehen gainditu beharreko 420 orduko derrigorrezko prestakuntza ikastaroa eta praktikaldia ere.
Ahaldun Nagusiak aldundiak lurraldeko suhiltzaileen zerbitzua abangoardian eta Europan “erreferente modura” kokatzeko egin duen ahalegina azpimarratu du. Hala, agintaldian egindako funtsezko proiektu eta ekintzak zerrendatu ditu, hala nola, zerbitzuaren azken 7 urteetan 198 pertsona sartu izana.
Era berean, gogoratu du 2015etik 26,6 milioi euro baino gehiago inbertitu dituztela Arratzuko eta Zallako parke berrietan, eta flotaren % 25 berritzeko 27 ibilgailuetan. “Besteak beste, arnas ekipo guztiak berritu dira eta salbamendu koltxoi bat ere erosi da”, gehitu du.
Rementeriak zerbitzu osoaren “lana eta profesionaltasuna” aitortu ditu, eta Balmasedako, Berangoko, Zugaztietako eta Larrondoko suteetan egindako lana balioan jarri du: “Berme handia ematen didazue, sekulakoa”.
Elixabete Etxanobe diputatuak adierazi du Bizkaiko herritarrek “gehien baloratzen” dituzten zerbitzuen artean dagoela Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamenduko foru zerbitzua. “Suhiltzaile berriak lanean hastearekin batera, ezinbesteko zerbitzu bat indartuko dugu, larrialdietakoa”, adierazi du.