Goikoetxeak eta Etxetok beren hautagaitza plazaratu dute
Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etxetok garaipena lortu dute Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopezen aurka, Jai Alai Winter Serieseko bigarren jardunaldiko partiduan. Datorren astelehenean Jean Dominique Olharanek eta Thibault Basquek Thomas Urrutiaren eta Aimar Aldazabalen kontra jokatuko dute.
Iñaki Osa Goikoetxea zumaiar beteranoak eta Nicolas Etxeto atzelari bidartarrak Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketa irabazteko hautagai nagusienetako bi direla frogatu zuten atzo, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Garaipen sendoa lortu zuten B multzoko beste bikote indartsu baten aurka: Diego Beaskoetxea gernika-lumotarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak osaturikoa.
Goikoetxea partiduko jaun eta jabe izan zen lehenengo momentutik. Bera izan zen jokoaren erritmoa kudeatu zuena eta, oro har, atzoko partiduko gidoilari nagusia. Gainera, aurrelari gipuzkoarrak neguko zesta-puntaren zita nagusira sasoi-puntu bikainean ailegatu dela frogatu zuen: lehendabiziko jokaldietako sakeetan nagusi agertu zen, eta Beaskoetxea ez zen gai izan Goikori erantzuna emateko; zumaiarrak nahieran antolatu zituen jokaldiak eta egin zituen tantoak. Horrek, hain zuzen, bikote gorria 7-3 aurreratzea ekarri zuen; Beaskoetxeak eta Lopezek, beren aldetik, markagailuan pixkanaka-pixkanaka hurreratzeko saiakera egin zuten, batez ere, pilotalekuaren aurrealdeko koadroetan.
Beaskoetxeak aukera oso gutxi eduki zituen, baina, eduki zituenean, ez zuen kale egin. Horrek lehen setean 10-9 joatera gidatu zituen. Une hartan berdinketatik oso hurre egon arren, gorriek beste puntutxo bat eman zioten partiduko erritmoari, eta lehenengo seta 15-12 eskuratu zuten. Etxetok euste lanak egoki egin zituen arren, lehen aldiak dominatzaile argi eta garbia eduki zuen: Goikoetxea. Bigarren aldiak lehenengoaren ezpal beretik egin zuen, eta dinamika lehen seteko berbera izan zen: gorriak 7-3 aurreratu ziren. Ondoren, Beaskoetxeak eta Lopezek 8-6ra arte murriztu zuten aldea.
Jokoaren dominatzailea. Goiko jokoa dominatzeko asmoagaz kantxaratu zen, eta Beaskoetxeak, ostera, suertatu zitzaizkion aukerak apurrak zukutzea besterik ezin izan zuen egin. Atzelariei zegokienez, ez Lopezek, ez Etxetok ez zuten lortu bestearen gainetik agertzerik: zumaiarrak ez zuen beste askotan eduki ohi duen distirarik erakutsi; bidartarra Goikoetxearen itzalean ibili zen partidu osoan.
Atzelariek nagusitasunik erakutsi ezin izan zutenez, Goikoetxeak berak zenbait jokalditan urrats batzuk atzera egin zituen, eta, bere jokoa inposatu asmoz, behin eta berriro pilotetara sartzea bilatu zuen, aurkariak menperatzeko. Bere erasoak hainbat moldetakoak izan ziren; gehienbat, eskumakadekin jokatu zuen Zumaiakoak, baina baita aurrez aurre edota errebotera ere. Setaren erdialdetik aurrera, Etxetok urrats bat aurrera egin zuen, eta jokaldi oso gaitzak borobiltzea lortu zuen. Atzelariaren presentziak apur bat apaldu zuen Goikoetxearena, baina, dena dela, hainbat jokalditan bere joko zapaltzaileari eutsi zion beteranoak. Bikote gorriaren lorpen nagusia Beaskoetxeak eta Lopezek beren intereseko jokoa aurkitzea saihestea izan zen.
Partiduko azken tantoa ere txapela kentzeko modukoa izan zen: Etxetok ezker paretera estu egokituriko txula bategaz borobildu zuen gorrien erakustaldia. Bigarren seta 15-10eko markagailuagaz amaitu zuten.
Goikoetxeak eta Etxetok, beraz, beste bikote askok txapelketaren ataritan adierazitakoa berretsi zuten: Winter Series irabazteko isileko hautagaiak direla, Aritz Erkiaga eta Jon Bullet Zabala azken garaileen edo Unai Lekerika eta Xabi Barandika txapeldunordeen gerizpean.
Garaipenagaz, B taldeko lidertzan ipini ziren, lau puntugaz. Datorren astelehenean, hirugarren jardunaldian, A taldeko Jean Dominique Olharan eta Thibault Basque Thomas Urrutiaren eta Aimar Aldazabal berriatuarraren aurka neurtuko dira.