Paduretatik baratzera, eta baratzetik paduretara
Gautegiz Arteagako Udalak bisita gidatua antolatu du zapaturako, Urdaibaiko paduren paisaia kulturala ezagutarazteko. Bisitan parte hartu gura duenak aurretiaz izena eman beharko du Aretxederreta kultur etxean.
Mendeetan zehar, ingurune naturalera egokitutako ezagutza ekologikoak garatu behar izan ditu gizakiak, naturarekiko harreman jasangarria sortzeko helburuz. Hain zuzen ere, gaur egungo paisaia kulturalak historia horren ondorio dira, eta horietako asko desagertzear daude, gizarte garaikideak aurrera egin ahala.
Hori dela eta, Gautegiz Arteagako Udalak bisita gidatua antolatu du zapaturako, eta, horretan, Urdaibaiko paduren paisaia kulturala ezagutzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Zehaztu dutenez, paisaia horrek gaur egungo itxura izateko igaro dituen prozesuak aztertuko dituzte, baita egun dituen erronkei buruz hausnartzeko tartea hartu ere.
Zapatuako bisita gidatua euskaraz izango da, eta 12:00etan hasiko da Ozollo auzoan. Bisitan parte hartu gura duenak aurretiaz izena eman beharko du Aretxederreta kultur etxean, “lekuak mugatuak direlako”. Horretarako, kultur etxera bertaratu edota 94 627 15 63 telefonora deitu beharko dute.