Enara Zabala eta Illan Urkia, Mundakako udazkeneko surf txapelketan garaile
Udazkeneko herriko surf txapelketa egin dute asteburuan Mundakan. 50 surflaritik gora elkartu dira. Lehiaketaren ondoren, paella janaz gozatu dute guztiek. Mundaka Surf Taldeko antolatzaileek balorazio positiboa egin dute.
Udazkeneko herriko surf txapelketa egin dute asteburuan Mundakan. Bertan izan dira inguruko surflaririk trebeenak eta kanpotik etorritakoak ere bai. Mundakako Surf Taldeak antolatu zuen lehiaketa, eta parte-hartzaile kopuru “polita” eduki zutela adierazi dute antolakuntza lantaldetik: “Gutxi gorabehera, 50 surflaritik gora aurkeztu ziren probara, eta oso pozik gaude parte-hartze horregaz; izan ere, horrek erakusten du surfarekiko atxikimendua egon badagoela eta jendea prest dagoela horrelako ekitaldietan modu aktiboan parte hartzeko, berez klubeko partaideek eta partaideentzat prestatuta egon arren”.
Gizonezkoen artean, etxeko surflariak nabarmendu ziren: Illan Urkia mundakarra gailendu zen; Joseba Castresanak amaitu zuen proba bigarren postuan; podiuma Guillermo Amezagak osatu zuen, hirugarren. Bai Castresana, bai Amezaga mundakarrak dira. Gizonezkoen proba, horrenbestez, etxean geratu zen.
Emakumezkoen txapelketan, parte-hartzaile bakarra aurkeztu zen eta, hortaz, berak poltsikoratu zuen lehiaketa: Enara Zabala. Zabala 18 urteko bermeotarra da; antolatzaileen iritziz, “etorkizun handiko surflaria” da. Genero arteko desberdintasun hori tarteko, datozen ekitaldietara begira arrakala hori apaltzea eta gizonezkoen zein emakumezkoen parte-hartzaile kopurua orekatzen joatea izango dute helburu antolatzaileek.
Balio erantsia. Mundakako txapelketak, bestalde, esangura gehigarria eduki zuen. Izan ere, probako garaileek Euskadiko Surf Federazioko Txapelketan parte hartu ahal izateko txartela eskuratu zuten. Emakumezkoen artean Zabalak eroan zuen txartela; gizonezkoen probatik, ostera, hirugarren sailkatuak, Amezagak, jaso zuen. Urkia irabazleak eta bigarren sailkaturiko Castresanak, hain zuzen ere, Euskadiko surf zirkuituko probak lehiatu dituzte aurten eta, hortaz, txapelketa horretan parte hartzeko beste puntugaz aritu ziren Mundakan; Amezagak, beraz, Euskadiko Surf Federazioko Txapelketa lehiatu ahalko du. Proba hori, gainera, Mundakan bertan egingo dute, abenduan. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, federazioak oraindik ez du aurreratu zein izango den data zehatza, batez ere, “itsasoak eskaintzen dituen egoeren zain daudelako”.
Asteburuko parte-hartzaile guztiek, behin txapelketa eta sari banaketa ekitaldia amaituta, arratsaldeaz elkarregaz gozatzeko aukera eduki zuten. “Herriko nahiz kanpoko jendea ikustera animatu zen, eta, beraz, giro bikaina egon zen herrian; behin proba bukatuta, paella janean elkartu ginen surflari, antolatzaile eta ikusleak”, adierazi dute Mundaka Surf Taldekoek. Aurtengo aldiaren balorazio ona eginda, hurrengo urtean txapelketa berriro egiteko asmoa ere erakutsi dute antolakuntzatik.