Urte askotako lanen erakusketa jarri du Rosa Mari Gabantxok
Erakusketa bisitatzen dutenek zozketa batean parte hartzeko aukera edukiko dute. Domekara arte bisitatu daiteke, 19:00etatik 21:00etara.
Nestor Basterretxea aretora bueltatu da beste behin ere Rosa Mari Gabantxo, eta artez bete ditu aretoko hormak. Neure bizitzako margolana izena jarri dio erakusketari, bere ibilbideari gainbegirada egiten baitio bermeotarrak. Hala, lan asko eta asko baditu ere, 50 eroan ditu Nestor Basterretxea aretora. Domekara arte bisitatu daiteke erakusketa, 19:00etatik 21:00etara.
Arkatzez zein luma muturragaz egindako lanak, akuarelak, olioak, collage-ak, akrilikoa, erliebeak… ikus daitezke Bermeon, tamaina askotakoak, gainera. Erakusketan dauden lanez gain, argazkiz osatutako liburuak ere jarri ditu Gabantxok, etxean dauzkan beste lan batzuk erakusteko. Lanetako batzuek jabea daukate, baina gainontzekoak salgai daude.
Hainbat teknika lantzen ditu, baina akrilikoak egiten sentitzen da hobeen. Argi dauka, gainera, zer marraztea duen gustukoen: Urdaibai eta Bermeo. Urte asko daramatza marrazten, gaztetan hasi zen zaletasunez. Lepoko gaixotasun batengatik etzanda egon behar izan zuen denboraldi batean, eta orduan ere etzanda marrazten zuela adierazi du. Burua beti martxan dauka, “beti daukat ideiaren bat edo beste”.
Zozketa. Erakusketa bisitatzera doazenek zozketa batean parte hartzeko aukera edukiko dute, gainera. Gustukoena duten artelanaren zenbakia sartu beharko dute kutxa batean, harremanetarako telefono zenbakiagaz batera. Erakusketa amaitzen denean, bere artelanetako bat zozkatuko du. Bisitariak inplikatzeko modu bat dela uste du.
Busturian jarri zuen erakusketa lehenengo eta Bermeon dago orain. Mundakara edo Gernika-Lumora ere eroatea gustatuko litzaioke. Hala eta guztiz ere, Bermeokoa amaituta, deskantsu apur bat hartuko duela esan du.