"Pragan kuadrillen pareko sareak sortzea ez da erraza suertatzen"
Goretti Aranaz eta Estanis Escribano gernika-lumotarrak Pragan bizi diren bi ekintzaile dira. Ogibide, lagun sare eta bizimolde berriak topatu dituzte bertan.
Goretti Aranazek eta Estanis Escribanok 360 graduko bira eman diote beren bizitzari. Gernika-Lumotik Pragara bizitzera joan, eta hutsetik abiatu dira Txekiar Errepublikako hiriburuan.
Zelan amaitu duzue Pragan?
Estanis Escribano: Ni 2020ko ekainean etorri nintzen, hango bizitza atzean utzita, geratzeko asmoz. Gorettiren eskutik bisitatu nuen Praga estreinako, eta arreta deitu zidan bai hiriak, bai herrialdeak. Unibertsitatetik irten berritan, herrialde aproposa zela ikusi nuen, lan bila joateko.
Goretti Aranaz: Ni zientzia arloan nabil lanean eta, Bartzelonan masterra amaitu ostean, doktoretzarako aukerak begiratzen hasi nintzen. Atzerrira joateko gogotsu nengoen, eta Pragan amaitu nuen, laborategi batean.
Zelakoa da Pragan bizitzea?
E.E.: Hiriak kontraste handiak ditu. Batetik, industriala eta grisa da, eta turismo masiboaren kalteak jasaten ditu. Bestetik, badago eredu horri ihes egiten dion eskaintza kultural eta gastronomiko alternatiboa ere.
G.A.: Eskaintza kulturala, egon badago. Hiri handia da, baina era berean, dena eskura dago; garraiobide publikoek ederto funtzionatzen dute. Egia da garagardoa merke dagoela eta turista asko datorrela horrek erakarrita. Alde horretatik, pandemian Pragako erdigunea hutsik egon da, eta oso atsegina izan da gune horretaz berton bizi garenok gozatzea.
Zeintzuk dira igarri dituzuen alde nabarmenenak?
E.E.: Lehenengoa, hizkuntza. Jendearen izaera ere desberdina dela ikusi dut. Jatordu denak ordu bi aurreratzea ere arraroa egin zait, baita itsasoa denbora luzez ez ikustea edota arraina eta fruta freskorik ez edukitzea ere.
G.A.: Jendea eta kultura oso desberdinak dira, oro har. Hala ere, hiri handia izanik, denetariko jendea ezagutu ahal izan dut.
Zeintzuk dira gehien eta gutxien gustatu zaizkizuen alderdiak?
E.E.: Jende berria ezagutzeko aukera edukitzeak erakarri nau gehien; hainbat jatorri, kultura zein pentsamoldetako jendeagaz elkartzeko aukera edukitzen dugu sarritan, eta inspiratzailea iruditzen zait, adibidez, bakoitzaren bizi istorioa ezagutzea. Horregaz batera, jendea joan-etorrian dago denbora guztian; horrek asko zailtzen du lagunak mantentzea. Ziurgabetasun puntu bat sortzen du horrek, loturak eraikitzerako orduan.
G.A.: Herrialde askotako pertsonak ezagutu ditut; horrek emandako ikuspuntu desberdinak oso aberasgarriak dira niretzat. Gauzak perspektibagaz ikusten ikasteko balio izan dit. Gutxien gustatzen zaidana da desberdintasun kulturalak sarritan oso nabarmenak direla eta gaitza dela horietara ohitzea.
Zer nabarmentzen duzue Pragan bizitzeaz?
E.E.: Askatasun handia nabaritzen da, oro har; esate baterako, jendeak ez du begi txarrez ikusten zure janzkera edo izaera. Izaera hori, hain zuzen ere, indibidualismo puntu bategaz lotuta dagoen susmoa dut, hau da, bakoitzak bere bizitza egiten du, beharbada, modu isolatuegian.
G.A.: Erakartzen nauen alderdietako bat da Pragan beti dagoela zer edo zer egiteko eta, horregaz batera, jende desberdin pila bat dagoela ezagutzeko. Lan aukerak ere oparoak dira; horrek, jakina, atzerritar asko eta asko erakartzen ditu bertara. Gutxien gustatzen zaidana da norberak bizi duen talka kultural bortitza; esango nuke luzera begira ez dela beti kudeatzen erraza.
Lagun sarerik eraiki al duzue?
E.E.: Sareak sortu ditugu, bai. Dena dela, Pragan kuadrillen pareko sareak sortzea ez da erraza suertatzen. Izan ere, geure lagun talde hurbileko pertsona asko joan egin behar izan dira, baina apurka-apurka pertsona berriak ailegatzen dira, eta beraiekin sortzen dituzu sare berriak.
G.A.: Jendea pertsona berriak ezagutzeko prest dagoela uste dut, baina arazoa da normalean denboraldi baterako bakarrik geratzen direla Pragan; beraz, erlazioen joan-etorria etengabekoa da. Koronabirusak ere eragina eduki du: pertsona asko beren herrialdeetara bueltatu dira.
Zelako kultur eskaintza dago?
E.E.: Oso aberatsa. Gehien erakartzen nauen alderdietako bat horixe da. Adibidez, kontzertu ugari ikusteko aukera dago. Zinema ere izugarri baloratzen duten alorra da; hain zuzen, film denak jatorrizko bertsioan eskaintzen dituzte, eta auzoetan zinema txiki asko daude.
G.A.: Hori da, zinemaz asko gozatzen dugu, esate baterako. Bertoko areto txikiak oso indartsuak dira, eta ondo saretuta daude. Beste alde batetik, hiriburua izanda, talde askorentzat kontzertua emateko geralekua da. Aurten ikusi ditugun kontzertuetako batzuekin geratu beharko banintz, besteak beste, Perkele edota Viagra Boys nabarmenduko nituzke.
Txekiar Errepublikan zehar bidaiatzeko aukera eduki duzue?
E.E.: Bai. Ez da herrialde handia, beraz, ezagutu dugu jada. Zenbait herritan egon gara. Gainera, Europa erdialdean kokatuta egonda, inguruko hainbat herrialdetara bidaiatu dugu autobusez nahiz trenez.
G.A.: Udan, hemen oso ohikotzat jotzen duten bidaia bat egin dugu. Uztailean Kroaziara bidaiatzen dute, arrazoi historikoak tarteko; bidaia horretan benetan gomendagarria den herrialdea ezagutu dugu.
Zeren falta sumatzen duzu gehien?
E.E.: Etxekoena, lagunena eta neguko eguzkiarena.
G.A.: Nik ere familiakoena. Horregaz batera, itsasoa, Euskal Herriko gastronomia eta neguan eguraldi hobea faltan ditut.
Euskal Herrira itzultzea espero duzue?
E.E.: Bai, zelan ez. Etxean bezala ez gaude inon. Orain gehiago baloratzen dut Busturialdean bizi garenok benetan dugun zortea.
G.A.: Nik ere bai. Dena dela, ez naiz ausartzen hori noiz izan litekeen esatera.