Isilarazitako herrien ahotsa
‘Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen’ erakusketa jarri dute Ekoetxea Urdaibain. Kooperazio linguistikoaren garrantzia azaleraztea eta herritarrak herri indigenetara hurbiltzea ditu helburu.
“Basoa sutan desegiten ari zenean, animalia guztiak ere sutan galtzeko arriskuan zeuden. Baina ez zuten erreakzionatzen, hondamendiari begira zeuden. Kolibri txikiak, berriz, sugarrei aurre egitea erabaki zuen, errekara joanez eta bere moko txikiagaz ur apurbat hartuz eta sutara botaz. Jaguarrak ez zuen kolibriaren egitekoan sinistu, eta kolibriak hurrengoa erantzun zion: Ni nire partea egiten ari naiz, eta denok berdina egingo bagenu, bakoitzak berea egingo balu, sua itzaltzea lortuko genuke”. Hala dio Tui Huni Kuik eta Mikel Mendizabalek Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen libururako egokitu duten Brasileko mito herrikoiak, eta jatorrizko kulturak ez desagertzeko ahaleginari egiten dio erreferentzia.
Izan ere, jatorrizko kultura bakoitzak aurre egin behar dio suari, bere hizkuntza eta identitatea desagertu ez daitezen. “Jatorrizko hizkuntza bakoitzean esaten den hitz bakoitza kolibriaren ur tanta bat da, eta itxaropena ematen dio gure ama lurra desegiten ari den suteari aurre egiteko”. Hain zuzen ere, helburu hori erakusten du Garabide Elkarteak Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedragaz elkarlanean egindako eta Busturiko Ekoetxea Urdaibain ikusgai dagoen Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen erakusketak; abenduaren 18ra bitartean, doan ikusi ahalko da.
2018ko udazkenean Garabide elkarteak antolatu zuen Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiaren Aditu Ikastaroa da erakusketaren oinarria; izan ere, ikastaro hartan hogei indigenek parte hartu zuten eta Zer da kultura galdera erantzun zuten, bakoitzak bere herriaren kultura sinbolizatzen zuen irudi eta testua sortuz. “Kultura naturagaz erlazionatzen dute gehienek, ama lurrarekiko konexioan eta errespetuan oinarrituta”, azaldu dute egileek. Gehitu dute elkartruke horrek herri txikietako biztanleen artean “sareak ehuntzeko” balio izan zuela, baita hizkuntzen, kulturen eta identitateen biziraupenerako ere: “Hizkuntza eta identitatearen biziberritzea mendeetan baztertuak eta gutxietsiak izan diren herriak ahalduntzeko bidea da”.
Sarrera doakoa da, eta erakusketa ikusgai egongo da abenduaren 18ra arte
Ondorioz, bildumak euskal herritarrei bi kontu jakinaraztea du helburu: batetik, kooperazio linguistikoa zelan ulertzen duten adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen erakustea, alegia; eta, bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu daitezen. Halaber, bioaniztasunaren eta hizkuntza aniztasunaren arteko harremana ere badu gogoeta gai erakusketak.
Ekoetxea Urdaibaira hurbiltzen den bisitariak hainbat kontakizun aurkituko ditu bertan; izan ere, indegenen berbak eta begiradak islatzen dituzten panelak ikusi ahalko dituzte, hizkuntza indigena batean jasota eta euren errealitatea islatzen duen irudi batez lagunduta. “Munduan dauden hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dute osatzen kontakizunek. Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak, bizirik irauteko zailtasun ugari dituztenak, eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean kokatuta daudenak”, azaldu dute egileek, eta adierazi dute hiztunen “lan eta gogoari” esker biziberritzeko ahaleginetan ari direla.
Galzorian dauden hizkuntzei eta kulturei buruzko datuak jaso dituzte
Kichwa herriaren atalean, esate baterako, euren kulturari buruzko datuak bildu dituzte. Zehaztu dutenez, Kichwa kulturan gizona eta emakumea beti daude elkarregaz. Hori Andeetako sendabidearen praktikan ikusi daitekeela diote, izan ere, han, landareak, mendiak, eguzkia eta ilargia, haizea eta naturaren izpiritu guztiak emakume eta gizon dira, eta beti islatzen dute bikoiztasuna eta elkar osagarritasuna.
Nasa herrian, bestalde, su sakratuaren gunea da Tulpa, euren kulturaren eta identitatearen biziraupenerako oinarrietako bat: “Espainiarrek gure lurraldea bereganatu aurretik, Abya Yalako (Amerikako) jatorrizko herriek bagenituen gure kulturak eta espiritualtasunak. Tulpan, esaterako, kultura zaintzeko nagusien gogoetak ehuntzen dira, hor baitago herri legez egiten gaituen izaera”. Diotenez, Nasa herriaren “kosmobisioak” hiru oinarri ditu: suaren argia, hitza eta oroimena. “Hori guztia da jatorritik datorkiguna, ohiturak, herria, lurraldea eta gure hizkuntza”.
Fitxa teknikoak
Irudi eta kontakizunez gain, fitxa tekniko labur baten bidez, ikusgai dagoen hizkuntza bakoitzaren egoerari buruzko informazioa eskaintzen dute. Etniakideak eta hiztunak zenbat diren ageri da, baita non bizi diren eta euren hizkuntzaren egoera zein den ere. Egiten dituzten ekimenak ere jaso dituzte. Gainera, QR kode baten bitartez, euren kontakizunak jatorrizko hizkuntzan entzuteko aukera ere badago.
Bertaratzen direnek, halaber, euren kultura bultzatzeko erabiltzen dituzten bideak zeintzuk diren adierazi ahalko dute, panel zuri batean ekarpenak idatzita.
Hala, hizkuntza lankidetza bermatzea eta bultzatzea bilatu dute. “Hizkuntzen eta kulturen desagerpena zuzenean dago lotuta egiturazko pobreziagaz. Hizkuntza diskriminazioa desberdintasunen eragilea da herrialde pobre askotan, eta egiturazko pobrezia desagerrarazteko desberdintasunak eragiten dituzten kasuetan eragin beharra dago”.