Busturialdeak azaroaren 14an jokatuko du Bertsolari Gazteen BBK Sariketa
Aurten 30 urte betetzen ditu sariketak, eta horretan 55 bertsolari inguruk parte hartuko dute. Astelehenean [azaroak 7] hasiko da txapelketa. Aurten ez da saiorik jokatuko eskualdean.
Lau kanporaketa saio eta bi finalaurreko edukiko ditu txapelketak. Horiek eginda, finala abenduaren 1ean egingo da, Bilboko BBK Aretoan. Beste behin ere, Bizkaiko zortzi eskualdeetako bertsolari gazteek parte hartuko dute saioan: Lea-Artibai, Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Uribe-Butroe eta Uribe Kosta.
Talde bakoitzean 6 bertsolari ariko dira, eta horiek bi multzotan banatuta egongo dira: A multzoa (2004. urtean edo ostean jaiotakoak) eta B multzoa (1997tik 2003ra bitartean jaiotakoak). Hala, guztira 55 bertsolari inguruk parte hartuko dute txapelketan.
EGUTEGIA:
- Astelehena (azaroak 7, 10:30): Markina-Xemeingo Kultur Aretoan. Taldeak: Lea-Artibai eta Arratia.
- Azaroak 9 (10:00): Leioako Betiko Ikastolan. Taldeak: Uribe Kosta eta Hego Uribe.
- Azaroak 14 (10:00): Bilboko Urretxindorra ikastola. Taldeak: Busturialdea-Durangaldea.
- Azaroak 16 (10:30): Mungiako Torrebillela Aretoa. Taldeak: Uribe Butroe eta Enkarterri-Ezkerraldea.
- Azaroak 21 (finalaurrekoa, 18:00): Zornotzako Zelaieta Zentroan. Taldeak: 1. saioaren irabazlea eta 2. saioaren irabazlea.
- Azaroak 23 (finalaurrekoa, 18:00): Barakaldoko Clara Campoamor kultur elkartean. Taldeak: 3. saioaren irabazlea eta 4. saioaren irabazlea.
- Abenduak 1 (finala, 18:00): Bilboko BBK Aretoan. Taldeak: 1. finalaurrekoko irabazlea eta 2. finalaurrekoko irabazlea.
Urteurren jaia, abenduaren 1ean. Txapelketaren urteurren borobila ere ospatu egingo dutela esan dute; finala egiten den egunean [abenduak 1] egingo dute ospakizuna. “Urte hauetan guztietan sariketan parte hartu duten bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak… egongo dira ospakizun horretan. Batu eta egindako bidea gogoratuko dugu”. Horrez gain, finala ospatu ostean, sorpresa txikiz betetako egitaraua edukiko dutela aurreratu dute. Eta ondoko bertsolariek ere jaian parte hartuko dutela esan dute: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria.