'Txori Urdinak' liburua aurkeztuko du Zigor Olabarriak Astran
Santi Cobos presoaren bizitzan oinarritutako liburua da Olabarriak idatzitakoa, eta azaroaren 9an, 19:00etan aurkeztuko du Astrako lehenengo solairuan.
Zigor Olabarria Oleagak Txori Urdinak liburua aurkeztuko du azaroaren 9an, Astrako lehenengo solairuan; 19:00etan jarri du hitzordua Sare Gernika-Lumok, eta herritarrei bertaratzeko deia egin die.
Santi Cobos presoaren bizitzan oinarritutako liburua da Olabarriak idatzitakoa. Cobosi egindako elkarrizketei eta gertaera ezberdinei buruzko ikerketa lanari esker idatzi du lana Oleagak; bertan jasotzen dira, besteak beste, Cobosen erreformatorioko aldiari, adin txikikoentzako espetxeari eta espetxe “arruntari” buruzko datuak.
“Cobosek 25 urte eman ditu preso, horietako asko isolamenduan, bakartuta, FIES artxiboan sailkatuta. Gorrotoa eta ihes egiten saiatzea izan zituen bizirauteko helduleku bakarrak urte askoan, eta euskal presoekin harreman estua izan du urte horietan guztietan”, azaldu dute; jakinarazi dute, gainera, urte horietan guztietan “torturak eta jipoiak” sufritu dituela, besteak beste.
Hala, liburuan jasotzen den bere lekukotasuna “espetxe sistemaren salaketa ariketa bat” dela diote: “Espainiako Estatuko FIES galerietatik bizirik irten ziren gutxienetako bat dugu Cobos, eta kontalari aparta. Bere lekukotasuna espetxe sistemaren salaketa ariketa bat da, gordina oso, baina umoretik eta bizitzaren aldeko kantatik ere baduena”.
Solasaldi eran aurkeztu du Olabarriak bere lana, eta Cobosekin izandako pasarte eta euskarri ezberdinak plazaratuko ditu, eta espetxearen errealitatea ezagutu duen bertako laguna ere izango du solaskide.